Udaberriko festa 2025

Maiatzaren 10ean Amillubin jaia eta hausnarketa uztartu nahi ditugu Udaberriko jaian. Etorkizuneko elikaduraren inguruko gogoeta egin, eta jaiaz gozatuko dugu. Bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Segidan, jaiari buruzko informazioa laburbilduta aurkituko duzu (informazio praktikoa eta oharrak amaieran aurkituko dituzue).

Animatu eta etorri! Erosi bazkarirako eta arratsalderako sarrerak

Amillubi proiektua babesteko eta gastuei aurre egiteko, bazkarirako eta arratsaldeko jaialdirako sarrerak hartu beharko dira. Bazkarirako txartela 10€ dira, eta arratsaldekorako beste 10€. Umeek arratsalde pasa dohainik izango dute eta bazkaria 7€ren truke. Honako lotura honetan eskuratu ditzakezue sarrerak.

Edonola ere, proiektu hau herritarra da eta izan nahi du, eta ez dugu prezioa inorentzat oztopoa izaterik nahi. Hala bada, konfiantzaz, idatziguzu  koordinazioa@amillubi.eus helbidera, eta moldatuko gara.

Udaberriko festak badu egitaraua. Egitarau oparoa, gainera. Goizean bi mahai-inguru, arratsaldean hainbat emanaldi kultural, egunean zehar nekazal tresneri eta produktuen bigarren eskuko azoka, umeen txokoa, jan-edan agroekologikoak,… eta giro ederra!

Hemen egitarauaren kartela eta informazio zehatzagoa aurkituko dituzue.

Eta hemen mahai-inguruei buruzko informazio zehatzagoa.

Nekazal tresna, material eta produktuen bigarren eskuko azoka izango da aurtengo jaiaren berrikuntza. Animatu erabili gabe dituzun gauzak Amillubin dohaintzan ematen. Azokan salduko ditugu Amillubiren erosketarako dirua biltzen jarraitzeko. Hori bai, zerbait eraman nahi baduzu, idatziguzu (koordinazioa@amillubi.eus), azoka txukun antolatu dezagun. Hemen azokari buruzko zehaztapenak.

Informazio praktikoa eta oharrak

Ingurua errespetatu eta logistika errazte aldera, aparkalekua Iraetako Futbol Zelaian izango da, eta handik oinez bertaratu beharko zarete Amillubiraino. Bidea asfaltatu gabeko lurrezko pista da eta ez dago oso baldintza egokietan. Oinez bertaratzeko zailtasunik izanez gero, lehenago jarri gurekin harremanetan (koordinazioa@amillubi.eus // 943 76 14 47) eta komentatuko dizugu zer egin.

Halaber, jaia Amillubiko baserriko lurretan izango da, zelaietan batez ere. Beraz, ez dago egokituta mugikortasun mota guztietarako. Horrekin lotuta behar berezirik izanez gero, jarri gurekin harremanetan eta azalduko dizugu hobeto nolakoa den ingurunea, baloratzeko zein aukera dagoen bertaratzeko eta jaian parte hartzeko.

Egun osoan zehar umeen txokoa egongo da. Goizean zehar zaintza zerbitzua egongo da, bazkalostean ipuin-kontalaria, eta gero, arratsaldean zehar, horren erabilera autogestionatua izango da.