Berriak

  • Arto eta babarrun sailari astindu ederra eman genion auzo(p)lanean

    Pasa den igandean ikasturteko azken auzo(p)lana egin genuen Amillubin. Aurten martxan jarri dugun ekimenaren ziklo hau ixten.

    Goizetik elkartu eta lainoak lagunduta ekin genion lanari. Lan-zerrenda luzea genuen, eta zerrendaren lehen puntuan geratu ginen, arto eta babarrun saila handia baita, eta belarra majo hasita baitzegoen. Baina luze eta gustura ibili ginen lanean eta lan asko egin ere.

    Lana pilatuta genuelaeta konfiantzazko giroan ginela ikusita, plana zertxobait moldatu genuen. Lanak amaitutakoan Amillubitik bisita egin ordez, goiz erdian, kafea eta bizkotxoa jatearekin batera okin taldeko eta Sosola baserriko Enrikek kontatu zigun nola izan den Amillubin garia ekoizteko prozesua. Horren ostean, lanean jarraitu genuen eta 14.30ak aldera mokadu goxo batekin amaiera eman genion Auzo(p)lanari.

    Eskerrik asko bertaratu ziren guztiei, arto eta babarrunari astindu ederra eman genien, eta guk bezala eurek ere eskertuko dutela ziur gaude.

    Esan bezala, ikasturteko azken auzo(p)lana izan da, baina udaran zehar auzolanekin jarraituko dugu. Udazkenean berriz ere auzo(p)lan formatuan biltzeko parada izango dugu.

    Udara ona izan, eta zalantzarik ez egin auzolanetara bertaratzen!!


  • Amillubin ereindako garia bildu dute Biolurreko okinek

    2024ko udazkenean Biolurreko okin taldeak garia erein zuen Amillubin. Ogia egiteko erabiltzen duten gari barietate nahasketa bretoiarekin proba egin nahi zuten, ea nolako ekoizpena ateratzen zen Amillubin.

    Iazko lanetatik ondorioztatu genuen Amillubiko lurrak nahiko pobre zeudela, beraz, garia ereitearekin batera zenbait mineraletan aberatsa den jatorri mineraleko harri birrinduen nahasketa bota genion lurrari, eta emaitza onak izan ditugu.

    Garia ondo hasten joan da eta alea ondo garatuta etorri da. Azken asteotako ekaitz eta euriteekin tentsioan ibili gara, ea landarea etzango zuten, baina ez da horrelakorik gertatu eta uzta ederra bildu zuten uztailaren 11an. 7000 metro karratuko eremuan erein zuten eta guztira 1600 kilotik gora bildu zuten. Pozik daude okinak. Eta pozik gu ere, aurtengo ogirako, beste gari batzuekin batera nahasita, Amillubin ekoiztutako garia erabiliko baitute.


  • 2025eko lehen boletina bidali berri dugu

    2024ko udazkenean Amillubiri buruzko lehen boletina zabaldu genuen, 2024. urtean egindakoak zuekin partekatuz. Printzipioz, 6 hilabetetik behin boletin bana sortzeko eta bidaltzeko erronka jarri genion gure buruari.

    2025 hasieran, urteko erronka nagusiak laburbilduz bigarren boletina bidali genuen. Jaiari begira, mailing sistema bera erabili genuen informazio garrantzitsuak zabaltzeko. Eta, orain, 2025eko lehen seihilekoa osatuta, urteko bigarren boletina bidaltzeko unea heldu zaigu. Aurreko astean dagoeneko gure kontaktuei bidali genien, eta hemen ere eskuragarri duzue.

    Oraindik ez badituzu boletinak emailean jasotzen, eta jasotzeko interesa baduzu, idatziguzu info@amillubi.eus helbidera gure kontaktuen zerrendan sartzeko eskatzen eta hemendik aurrera bidaliko dizkizugu.

    Edonola, gure telegram kanalean (https://t.me/amillubi) eta instagramen (https://www.instagram.com/amillubi/) jarrai gaitzakezu.


  • Hurrengo hilabeteetako erronkak definituta

    Aurreko abenduan egin genuen 2025erako plangintza bileran urte osorako helburuak adostu genituen, eta horiek gauzatzeko ekainerako bidea marraztu ere. Sei hilabete geroago, plangintza bete den baloratu eta hurrengo hilabeteetako erronkak definitzeko ordua zen, eta horretan ibili gara azken aste hauetan. Lehenengo azpitaldeak bildu dira eta azkenik talde eragile osoa, denon artean plangintza bateratzeko.

    Balorazio bilerak oso garrantzitsuak dira egindako lana balioan jartzeko, eta egia esan, pozik gaude planifikatutako gauza gehienak egin baititugu; lurra martxan jarri, Auzo(p)lan ekimenak, udaberriko jaian mahai inguruak txertatu, Kataluniara bidaia, saretzen jarraitu…

    Hala ere, oraindik helburu batzuk betetzeko lanean jarraitu beharra dago, eta datozen hilabeteetan horiek izango ditugu jomuga.

    Amillubik finantzaketa-iturri iraunkorrak behar ditu eguneroko lana egin ahal izateko eta gainera oraindik gutxi gora behera 60.000€ falta zaizkigu Amillubiren ordainketarekin amaitzeko. Hori horrela izanda, hauek lortzea izango da sozioekonomia azpi taldearen erronka nagusia. Gogoratu, dohaintzarik egin nahi izatekotan, webean dituzuela jarraibideak.

    Bestalde, dena ondo joanez gero eta eskatutako diru laguntza lortuz gero, udazkenean, Amillubiko epe luzeko proiektuak definitzeko prozesuarekin hasiko gara. Abendurarte iraungo duen lehenengo fase horretan, 2026. urtean zehar gauzatuko dugun prozesua diseinatu eta parte hartuko duten eragileak definituko ditugu. 

    Bi helburu haundi hauek bete bitartean, gure betiko erritmoarekin jarraituko dugu: lur lanak, auzolanak eta auzo(p)lanak, eta guztiaren berri ematen jarraituko dugu gure ohiko komunikazio-kanaletatik, beraz adi egon!

    Telegram kanala: https://t.me/amillubi

    Instagram: https://www.instagram.com/amillubi/


  • Amillubin lurrak martxan

    Udaberri eta udararekin batera lur-lanen intentsitatea gora dator eta Amillubiko lurrak itxura polita hartzen doaz.

    Iaz izan genuen lehen sasoia Amillubiko lurrak lantzen eta, besteak beste, lurren egoera identifikatzeko baliagarri izan zitzaigun. Horren ondorioz, 2024/25eko lan nagusietakoa izan da lurren hobekuntza: ongarri berdea erein genuen zati batzuetan, elikagaiez aberastu dugu, eta antzinean zentral hidroelektrikora zihoan kanala berriro ere ireki dugu, uraren drenajea bideratzeko. Horrek ahalbidetu digu lursail handiagoa baldintza hobeagotan eskuragarri izatea, baina horrek ere lana dakar.

    Hauek dira azken asteotan egin ditugun lanak, martxan ditugun laboreak, eta hurrengo asteotan izango ditugun zereginak:

    • Gari saila. Udazkenean erein genuen Biolurreko okinek erabiltzen duten bretainako gari barietate nahasketa eta horitzen hasia da dagoeneko. Uztaila hasierarako biltzea espero dugu.
    • Udazkenean, Alekarako hazia egiteko ilar motza eta baba handia erein genituen etxe azpiko lursailean. Azken asteotan horiek bildu ditugu. Ilarra oso emankorra izan da, eta ekoizpenari begira oso barietate interesgarria iruditu zaigu. Hazitarako pixka bat zailagoa izan da, motza izanik lurrean gelditzen baita eta onddoa erraz sartzen baitzaio. Hala ere, 30-40kilo inguru bildu ditugu. Baba handiarekin antzera gertatu zaigu. Ekoizpen handia izan zuen, baina goiz sartu zitzaion onddoa eta kasu horretan oso hazi gutxi aterako dugula aurreikusten dugu.
    • Porru mintegia. Udaberriko giroak eta Amillubiko beste zereginek ereiketa atzeratzera eraman gintuzten. Bi barietate erein genituen: Maxim eta Carentan. Lehena oso ondo erne zen eta aurrera jarraitzen du landare ekoizpenak. Bigarrena, aldiz, bigarren aldiz erein behar izan dugu eta kostata dator. Badirudi lurreko baldintzez gain, barietate honek huts egin digula… Hasi gara jada belarra kontrolatzeko lanetan, eta ureztapena martxan jarri dugu. Hurrengo asteotan ere horretan lana izatea aurreikusten dugu.
    • Alekarako hazia egiteko, udako baratzeko hiru labore jarri ditugu: berenjena (black beauty), kalabaziña (zapallito) eta pipermina (calabresse). Asteburu honetan jorratu ditugu eta aurrera begira mantenu lanak egin beharko ditugu ondo zaintzeko.
    • Artoa eta babarruna. Drenajea egin dugun sailean artoa eta babarruna erein ditugu. Porte polita duen eta irina egiteko baliatzen den Sosola baserriko artoa, eta Tolosako babarruna. Batez ere, Alekarako hazia egiteko. Porru mintegiaren inguruan ere Alekarako Arrocina babarrun motza erein dugu.
    • Artoa eta babarrunaren sailean zati bat libre geratu zaigu. Hurrengo asteotan baloratuko dugu ea bertan azken laboreren bat landatu, edo zertarako erabili zati hori.

    Laburbilduz, lurrak martxan ditugu eta horiekin batera lanak areagotzen dira. Azken asteotan dagoeneko deitu ditugu auzolanak, eta hurrengo asteei begira antzera jarraitzea espero dugu. Hauek beti eguraldiaren menpe egoten dira, eta horregatik normalen egun gutxiko marjinarekin egiten dugu deialdia. Hala ere, egon adi deialdietara eta animatu auzolanetara etortzen. Esku denak ongietorriak dira eta.


  • Lur Komunak jardunaldian izan gara

    Ekainaren 13an Katakraken Lur Komunak jardunaldiak izan ziren, Talaios, La Dinamo, Copp57 eta Olatukoop-ek antolatuta. Lurrak kolektiboki erosi dituzten esperientziak eta proiektuak elkar ezagutzea zen helburu nagusia. Eta, horrekin batera, ondasun komunalen inguruan hausnartzea: nola egiten dugu jabetza eskuratzeko, eta zein estrategia eta tresna erabiltzen ditugu horretarako?; proiektu kolektibo izatetik proiektu komunala izateko jauzian, nola lantzen eta elikatzen dugu komunitatea?

    Galdera horien inguruan eta beste gai askoren inguruan aritu ginen, Espainiar estatuko zenbait tokitatik etorritako kideekin, katalanez eta euskaraz, luze eta zabal. Katakrakek luntx ederrarekin gozatu zigun arratsaldea, eta gero Nagusia 54, Koop57-en eta Katakraken proiektura bisita egin genuen.

    Interesa izatekotan, esteka honetan bi mahai inguruan osorik ikusgai daude.


  • Bionekazaritzako Udaberriko Azokan izan gara

    Ekonekazaritzak  Arabako Nekazaritza Ekologikoaren aldeko Elkarteak Udaberriko Azoka Ekologikoa antolatu du maiatzak 31rako. 

    Goizean zehar azoka egon da, eta bertako elikagaiez egindako pintxoek eta edariek, hitzaldiek eta kontzertuak osatu dute egitaraua.

    Horren baitan, Amillubi proiektua ezagutzera emateko aukera eman digute Arabako kideek. Azokako giroan, harrera goxoa egin digute. Eta, segidan, Bionekazaritza eta Hazien Sarea bertako gari barietate zaharrekin burutzen ari diren proiektuaren berri eman digute. Berreskuratutako gari barietate horiekin egindako lehengo ogietarikoak probatzeko parada izan dugu. 


  • Giro ederrean ospatu genuen 2025eko Udaberri Festa

    Maiatzaren 10ean 2025eko Udaberri Festa ospatu genuen Amillubin. Eguraldi iragarpenek aterpe bila jarri gintuzten, eta azkenean Sakona Etxaldeko negutegian egin genuen jaiaren parte handi bat. Eskerrik asko Sakonako kideei, beraz!

    Goizetik ekin genion egunari. Amillubi baserri ondoko aterpean izan ziren goizeko mahai-inguruak eta jendetza bertaratu zen. Emankorrak izan ziren solasaldiak eta elkar ezagutzeko eta ikaspenak partekatzeko baliagarriak izan ziren. Bidelagun ederrak bildu genituen goizeko saioetan.

    Bitartean, negutegian, zaintza zerbitzuarekin umeen txokoa martxan egon zen, gero eta ume gehiagorekin. Giro ona eta aktiboa sumatzen zen. Eta bi gune horiek martxan zeudela Amillubiko kide eta laguntzaile asko han-hemenka lanean. Sukaldea bor-borka egon zen goiz osoan, eta euri goiztiarrak azpiegiturak mugitzera eta egokitzera behartu gintuen.

    Eguerdi ateria egin zuen. Negutegian zeuden bazkaltzeko mahaiak baina kide askok kanpoko belardian bazkaltzeari ekin zion. Eguneko une lasaiena izan zen hori ziurrenik, eta Elikaeneako Ane sukaldariak gidatuta eta ekoizle askoren osagai agroekologikoekin osatutako paella goxoaz gozatu genuen.

    Eta, segidan hasi zen arratsaldeko egitaraua. Diskurtso motz batekin eman zioten hasiera Amillubiko bi kidek, eta gerora Lide Arregiren bakarrizketa entzuteko parada izan genuen. Ezpelura Bururaren poesia musikatuarekin jarraitu baino lehen bazkariko mahaiak eta aulkiak jasotzen hasi ginen. Euri zaparradak oztopatu zigun lana tarte batez, baina pixka bat geroxeago eta asko eta askoren laguntzarekin, azkar ekin genion gunearen aldaketari. Poesia musikatua bukatutakoan, negutegia despejatuta genuen eta erdi-erdian hasi zen Elektropottotte elektrotxaranga giroa alaitzen eta negutegiko lurra astintzen. Heldua zen gorputza mugiarazteko ordua. Atseden txiki bat egin behar izan zuten, arnasa hartu eta lur-hautsak lehortutako eztarriak arintzeko, baina berrindartuta luzatu ziren giroa pizten. Bukatu zutenerako, La Jodederako kideek “eszenatoki” gunean dena prest zuten jotzen hasteko. Dantza estilo ezberdinerako parada eskaini nahi genuen eta halaxe izan genuen. Erritmo kubatarrak erreleboa hartu zion Elektropottottek jarritako martxari. Eta, bukatzeko, DJ Kurkubeatekin eman genion amaiera jaialdiari. Hau dena, bertako edari agroekologikoek goxatuta: Donieneko sagar zuku ekologikoa, Garaiko eta Bogako garagardoak, Goiabeko sangria, Biurko eta Candido Besaren ardoak, Ekaineko Sagardoa eta Gorritzeko patxarana.

    Igandean, neke handia eta resaka puntu batekin ekin genion jasoketari, baina jaiaren poza eta irriparrak genituen gurekin. Balorazioa egiteko une helduko da, baina momentuz jende anitz bildu izanaren sentsazioarekin gelditu gara, gai sakonen bueltan izandako hasunarketa aberastuta, eta Amillubiren bueltako komunitatea elikatzeko gogoz.

    Eskerrik asko jaia posible egin zenuten guztioi!


  • Bazkarirako ticketak agortuta, arratsalderako nahibeste

    Bazkarirako ticketak amaitu dira, baina etxetik janaria ekartzera eta gurekin bazkaltzera animatzen zaituztegu. Arratsalderako sarrerak mugagabeak dira, beraz, animatu arratsaldeko planera. Hemen har ditzakezue arratsalderako sarrerak.

    Informazio gehiago hemen.


  • Jaiari begirako informazio eta ohar praktikoak

    Udaberriko festa denok gozatzeko espazio eroso eta aldarrikatzailea izatea nahiko genuke, ingurua zaindu eta errespetatzen dugun bitartean. Hori, baina, ez da berez gertatzen den zerbait, eta beraz, horri begira, hainbat ohar partekatu nahi dugu guztiekin:

    Bazkarirako ticketak agortuta, arratsalderako nahibeste

    Bazkarirako ticketak amaitu dira, baina etxetik janaria ekartzera eta gurekin bazkaltzera animatzen zaituztegu. Arratsalderako sarrerak mugagabeak dira, beraz, animatu arratsaldeko planera. Hemen har ditzakezue arratsalderako sarrerak.

    Eguraldiari begira

    Lehenik eta behin, eguraldi-iragarpenak oso aldakor datoz, eta ez dakigu ziur zerekin topatuko garen. Eszenatoki horren aurrean, aterpe ezberdinak prestatzen ari gara Amillubin, jaia bertan egin ahal izateko. Hala ere, horrekin lotuta ohar pare bat partekatu nahi ditugu, denok ahalik eta erosoen egon ahal izateko.

    Nahiz eta Amillubin aterpeguneak sortu ditugun eta beraz, bertan ez gara bustiko 🙃, gomendatzen dizuegu mendiko botak edo tankerako oinetakoak ekartzea, baita  txubaskero eta/edo euritakoak ere. Oinez etortzeko eskertuko duzue, baita Amillubin sortuko ditugun aterpeguneen artean mugitzeko ere.

    Mugikortasuna antolatzeari begira

    Amillubin aparkatzeko espazioa mugatua da oso. Beraz, Iraeta auzoan dagoen futbol zelaian utzi beharko duzue autoa, eta bertatik oinez gerturatu Amillubiraino. Seinaleak aurkituko dituzue eta Urolako meandroaz gozatzeko aukera izango duzue.

    Kotxean lagun asko etorriz gero, nahi izatekotan, kotxez Amillubiko bidegurutzeraino gerturatu ahal zarete (baserriraino jeitsi gabe) eta han lagun gehienak gelditu. Gero, Iraetara aparkatzera joan eta gidaria handik Amillubira oinez etorri beharko da.

    Bidea asfaltatu gabeko lurrezko pista da eta ez dago oso baldintza egokietan. Oinez bertaratzeko zailtasunik izanez gero, jakin “lanzadera” zerbitzua eskainiko dugula Iraetara behar duenaren bila joateko. Beharko duzula aurreikusten baduzu, lehenago jarri gurekin harremanetan (koordinazioa@amillubi.eus // 943 76 14 47).

    Halaber, jaia Amillubiko baserriko lurretan izango da, zelaietan batez ere. Beraz, ez dago egokituta mugikortasun mota guztietarako. Horrekin lotuta behar berezirik izanez gero, jarri gurekin harremanetan eta azalduko dizugu hobeto nolakoa den ingurunea, baloratzeko zein aukera dagoen bertaratzeko eta jaian parte hartzeko.

    Pertsona guztiak ongi etorriak, jarrera guztiak ez

    Amillubi natur- eta nekazal-eremuan dago, beraz, zaindu dezagun! Amillubin bertan ekoizpena martxan jarri dugu aurten eta jaia ereindako soloen ondoan egingo dugu. Hortaz, ingurunearekiko errespetuz jokatzea eskatzen dizuegu. Besteak beste, hautsontziak jarriko ditugu eta horiek erabiltzea eskatu nahi dugu aldez aurretik.

    Bestetik, Amillubiko festa bertaratzen garen denontzako espazio aske eta segurua izatea nahi dugu. Horretarako, ardura denona da.

    Haurrak ere gonbidatuak

    Haurrentzako txokoa egongo da egun osoan zehar. Goizean zaintza zerbitzua egongo da. Bazkalostean ipuin kontalaria. Hortik aurrera, zerbitzua autogestionatuta izango da.

    Jan-edan agroekologikoak

    Bertako produktu agroekologikoekin osatuko dugu bazkaria eta barrako edariak. Bazkaltzeko aukera begetarianoa eta ez-begetarianoa egongo da. Janariarekin lotuta behar bereziren bat izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

    Ez du egingo, baina… euria egingo balu?

    Denok dakigu ez duela egingo (beraz, eraman eguzkiarengadik babesteko zerbait), baina euria egingo balu, B plana daukagu. Beraz, euriarekin ere animatu bertaratzen. Kasu honetan, webean, apuntatu direnei emailez, eta sare sozialen bidez zabalduko dugu informazio zehatzagoa.