Talde eragileko kideak

Ane Rivas Martinez (Arrasate, 1993). Ez nuen aitona-amonen artaldea ezagutu, baina txikitatik abeltzaintzarekiko interes handia izan dut. Albaitaria naiz ikasketaz eta gaur egun BIOLUReko langilea naiz. Agroekologian sinesten dut, animaliak eta lurra errespetatzen duen eredu gisa. Amillubiko kidea naiz, guztion bizitzari eutsiko dion elikadura-sistema kontziente bat sortzeko beharra ikusten dudalako.

Jone Arizti Zuazolacigorraga (Azkoitia, 1996). Biologia eta Ekoizpen agroekologikoa ikasketak burutu ostean baratzezaintzan nabil profesionalki. Kalean hazia eta gaur egun baratzan pasatu ostean eguna kalean bizitzea gustatzen zait. Duinako ikerketan parte hartu ostean biolurkidea. Ilusioz jaso nuen Amillubiren egitasmoa, etorkizunari begira ezinbestekotzat jotzen ditut eta horrelako egitasmoak. Tokiko elikadura sistema indartzeko eta eraikitzen jarraitzeko gogotsu.

Maider Zubikarai Beristain (Deba, 1976). Baserriarekin lotura amaren familiatik datorkit. Nekazal ingeneritza ikasitakoa, agroekologia Kuban eginiko formazioan ezagutu nuen. Ordutik, hortan nabil, ikasten, saretzen, lanean eta militantzian. Biolurreko kidea 2008 urtetik, eta egun elkartearen koordinazio lanetan. Amillubi proiektua hasieratik bizi izan dut, eta ilusio eta motibazio handiarekin talde eragileko kide naiz. Herri baten burujabetza elikaduran hasten dela sinestuta nago.

Ioritz Aizpuru Goitia (Azpeitia, 1983). Baserrian bizi naiz familiarekin eta etxerako baratzea eta artaldea ditut besteak beste. Ikasketaz informatikaria banaiz ere, urte batzuek ofizio horretan jardun ondoren, beste kide batzuekin Artxara Kooperatiba sortu eta Azpeitiko Elikaguneko proiektuan murgildu nintzen buru belarri lehen sektorea indartzeko asmoz. Biolurreko kide eta Amillubi proiektuaren hasieratik talde eragileko partaide. Sektoreko errelebo bideragarri eta bizigarriak helburu.

Oihana Usabiaga Barandiaran (1996, Zizurkil). Ikasketaz Gizarte Antropologoa naiz eta irakaskuntzan egiten dut lan. Militantzia esparru ezberdinetan jardun dut urte hauetan eta hainbat arlotako burujabetzek pizten didate interesa. Nekazal lurren defentsa eta elikadura burujabetzaren ideiek erakarri ninduten Amillubi proiektura.

Myrian Imaz Juaristi (1980, Zarautz)
Ikasketaz kirol teknikaria eta goi mailako kirolari ohia. Txikitatik erakarri nau baserri munduak eta mantendu ahal izan ditut arbasoen baserri hariak. Kirol eta amatasunaren esperientziak elikaduran arreta, elikadura soiletik haratago, familian, komunitatean eta naturan eragin sakona izatea bilatzen dut. Proiektu honekin, elikagaien ekoizpena eta kontsumoa kontrolatzea erabaki dut, osasuna, justizia soziala eta iraunkortasuna sustatuz.

Ane Aranburu Segurola (1986, Azpeitia). Txikitatik gurasoen baserrietan asko gozatutakoa. Animalia eta naturazalea. Formazioz komunikazio eta hezkuntza ikasketak egin baditut ere, 2014an abiatu nuen bikotekidearekin batera Ertxiñeko oilategiaren proiektua. Oiloez gain behorrak, ardiak eta astoak ditugu baina arrautza ekologikoen ekoizpena eta salmenta da gure abeltzain aktibitatearen zutabe nagusia. 2014tik naiz Biolurreko kide eta Amillubiko lan-taldeko partaidea naiz.

Marta Barba Gassó (L’Hospitalet del Llobregat, 1988). Hiri handi batekoa izanik, militantziak
eta kezka politiko eta ekologikoak gerturatu naute agroekologiara. Militantzian lurraren
defentsaren mugimenduan, transfeminismoan, eta autoekoizpen kolektiborako proiektuetan
ibili naiz azken urteotan, eta lanaren arloan, antropologia feministan eta Aleka elkartean pasa
ditut azken urteak. Hortik egin nahi nuke nire ekarpena Amillubin. Egun, koordinatzaile
moduan.

Nere Aspiazu Bascaran (Bergara, 1988). Ingurumen zientzietan lizentziatua, eta 2013tik nekazari lanetan dihardut Eskubaratz proiektuan. Baserriarekin lotura zuzenik ez dut izan familian, baina betidanik erakarri nau ortugintzak. Gaur egun Biolurreko juntakidea naiz, eta ATEko partaidea hasieratik. Amillubi proiektuarekin, nekazaritzako errelebo erreal eta duinak bultzatu nahi ditut.

Ioritz Igarataundi Arregi (Azpeitia, 1989). Ezizena ematen didan Komuntzo baserrian sortua. Fraisoron “Baso eta Natura ingurunearen kudeaketa” ikasketak burutu ondoren, Sakona etxalde ekologikoa sortu nuen 2013. urtean bikotekide Aiorarekin batera. Artaldea, baratzea eta frutarbolak ditugu besteak beste. Gure esneki eta barazkiak, azoka, denda txiki eta kontsumo taldeetara bideratzen ditugu. Amillubiko lurrekin muga egiten duten lurretan dugu gure ekoizpena. Proiektuaren hastapenetik nabil buru belarri.

Leire Ibarretxe Anuntzibai (Galdakao, 1975). Nekazaritza ingeniaritza ikasketak burutu nituen eta Nekazal ekoizpen ekologikoaren bideari jarraitu izan diot proiektu agroekologiko desberdinetan parte hartuz. 2005. urtetik aurrera Biolur Gipuzkoako kide eta langilea naiz, baratzezain taldearen dinamizazioan eta ekoizpen lan teknikoetan bidelagun izanik. Lurraren eta biodibertsitatearen zaintza kolektiboa bizitzaren ardatz bezala ulertuta, Amillubiko talde eragileko partaide naiz.

Mirian Arrizabalaga Badiola (Itziar, 1983). Doniene Haundi baserrian jaioa eta familiatik jaso nuen lurra eta animalien zaintza. Polimeroen I.T. ikasi nuen, baina beti baserriarekin uztartu izan dut bizitza. 2009an baratzazaintza ekologikoan hasi nintzen ahizparekin batera eta Biolurkide gara geroztik. Inguruari, animaliei eta jendeari egokitutako nekazaritza bizigarri bat posible eta beharrezko delako Amillubiko lan taldeko kide naiz.


Ione Larrañaga Gorritxo (1993, Antzuola). Ilustratzailea eta nekazaria. Lapatza baserrian jaio/hazi nintzen, guraso nekazariekin. Arte Ederretako gradua eta ilustrazioa ikasi ostean herrira bueltan etorri eta bertan bi lanak konbinatuz bizi naiz gaur egun. Agroekologia eta mundu ekofeminista batean sinesten dut. Amillubiko talde eragileko partaide naiz.


Lide Jimenez Bujanda (1988, Donostia). Biologia ikasi ostean basa-animalien kontserbazioan aritu nintzen lanean hainbat urtez Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun Biologiako irakaslea naiz. Naturarekin harremana betidanik gozatu izan dut eta naturaren kontserbazioa eta gizakion ongizatea uztartuko lituzkeen gizarte batean sinisten dut. Amillubi proiektuak bide horretan eredu izan daitekela ikusten dudalako talde eragileko kide naiz.


Mirene Begiristain Zubillaga (1972, Andoain). Getarian bizi naiz eta bertan frutazaintza, erlezaintza eta sukalderako belarren Zainak proiektu agroekologikoan parte hartzen dut. Ekonomian Doktorea naiz eta Euskal Herriko Unibertsitatean UPV/EHUn irakasle eta ikerlari lanetan dihardut. Landu dudan ikerketa lerro nagusia elikadura eta nekazaritza sistemen azterketan kokatzen da, ikuspegi agroekologiko eta ekofeministatik. 1995etik Biolurreko kidea naiz eta Amillubiko talde eragilean parte hartzen dut gogo betean. Herri baten burujabetza maila lurrarekin duen loturaren araberako dela sinetsia nago.