Udako ekoizpenaren balorazioa

Pasa den negutik ari gara, pixkanaka, Amillubiko lurrak kolektiboki lantzen, Biolurreko kideen beharrei erantzuteko asmoz. Lehenik, lurreko porru-landarea egin genuen baratzezainen talderako (120000 porru inguru), porru landare egiten berrikasteko saiakera bezala. Bi barietate probatu genituen, Montruoso de plata eta Verde de Carentan eta baratzezainak poz-pozik geratu ziren lurrean zuzen egindako landaretxoekin.

Udako ekoizpenari dagokionean, Alekarako haziak ekoiztea erabaki genuen. Batetik, Rossa Bianca barietateko alberjiniak jarri genituen. Bestetik, arto hori eta Tolosako babarruna batera erein genituen eta mata motzeko Pinta Alavesa babarruna ere erein genuen. Azkenik, uda amaieran, hazitarako brokoliak jarri genituen.

Alberjiniak ondo etorri dira eta dagoeneko hasi gara haziak biltzen. Brokoliak ere hasi dira osatzen. Baba eta artoa, ordea, ez dira etorri. Urte zaila izan da oso baratze gehienetan, ura soberan izan dugu, eta horrek zaildu du tokatzen zen garaitan lana egitea. Halaber, ikasi dugu gure terrenoaren azpialdean ura metatzen dela, ekoizpenaren kalterako. Horretaz aparte, aurrera joan diren landareak makal eta txiki etorri dira. Udaberrian egindako analisiek esan digute lurra elikagaietan garrantzitsuenetan pobre dagoela, ongarriketa behar duela.

Beraz, udako ekoizpenaren balorazotik datorkigu hurrengo hilabeteotako lanaren plangintza. Alde batetik, ura drenatzeko lanak egin beharko ditugu, aurrerantzean ura gehiago pilatu ez dadin. Dagoeneko martxan gaude hori bideratzen. Bestetik, lurra hobetzen hastea dagokigu, pixkanaka-pixkanaka. Udazkenean ongarriketa minerala egingo dugu, ongarri berdea ereitearekin batera. Nafarroako Hazialdeko proiektuari hartu diogu ongarri berde hazia eta laster egingo dugu ereiketa. Edonola, ekoizpenarekin ere jarraituko dugu. Alekarekin elkarlanean jarraituz, baba handi eta mata bajuko ilarra ereingo ditugu. Halaber, Biolurreko okin taldetik okintzarako erabili ohi duten gari barietate nahaste batekin gari sail bat ereingo dute.

Esan bezala, lan horiek guztiak kolektiboki egiten ditugu. Eta auzolanak horiei bultzada emateko une ezinhobeagoak dira. Beraz, adi egon hurrengo deialdietara!


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago