Catalunyako esperientzia agroekologikoak ezagutzeko bidaia

Arazo berdinen aurrean, tokian toki irtenbideak asmatzen. Catalunyako esperientzia agroekologikoak ezagutzeko egindako bidaiaren kronika da honakoa.

Apirilaren 4tik 6ra bitartean, Biolur eta Amillubiko 5 kide Catalunyan egon gara bertako proiektu agroekologikoak ezagutu asmoz. Amillubiren etorkizuna definitzeari begira, zein dimentsiotan sakondu nahi genuen definitu genuen aldez aurretik, eta horren arabera zein proiektu bisitatuko genuen erabaki: proiektu kolektiboak eta horien antolakuntza, ekoizpen eta kontsumoa artikulatzeko proiektuak, proiektuetako jabegoa eta forma juridikoa, eta ekoizpenaren antolakuntza. 

Horren arabera planifikatu genuen bidaia, eta oso emankorra suertatu zaigu. Segidan, laburpen txiki bat egiten dizuegu.

Ostiralean, 12tarako, Lleida hiriaren baratzegunean ginen. Bertan, eremu nagusia fruitagintza industrialera bideratuta dago, baina horren barruan lur eremu interesgarria aurkitu genuen. Udaleko partzela batean, hainbat proiektu burutzen dituzte, denak ekologikoak. Guk, zehazki, “Viver d’Agricultors de Rufea” bisitatu genuen, bertako udal teknikariarekin. Halaber, “Agrupació de Defensa Vegetal Ecològica de Ponent – Bioponent”eko teknikari bat gurekin egon zen, eta test gune finko eta efimeroei buruz hitz egin zigun. Laburbilduz, erreleboari begira eta test guneei begira hemen ditugun antzeko problematika eta zailtasunak dituzte bertan, eta horri konponbide emateko saiakeretan ari dira. Test gune efimeroen proposamena interesgarri suertatu zitzaigun. Horrelako espazioetan errelebo prozesuetan bidelaguntza egiteari begirako gida metodologikoa ere egina dute. Ziur gaude aurrerantzean ere gakoak eskaini ahalko dizkigula.

Bisita amaitu eta berehala Tarragonarako norabidea hartu genuen. Bidean mokadua egin, Montblanc-en ostatua hartu eta gauzak deskargatu, eta Bràfim herrira joan ginen. Bertan La Brostada Cooperativan elkartu ginen bertako kideekin. 3 ekoizpen proiektu (batek almendra eta olioa ekoizten ditu, beste batek barazkiak, eta azkenak algarrobaren transformazioan dihardu) elkartu dira, kooperatiba forman, eta transformazio gune kolektiboa (obradore kolektiboa) sortu dute. Bertan dendatxoa eta bulegoa dauzkate. Bereziki interesgarria suertatu zitzaigun zein emankorra suertatu zaien proiektu ezberdinen arteko elkarlana. Eta, tira, algarroba krema eta bertako almendrek ere konkistatu gintuzten.

Bràfimen bertan izan genuen gero eztabaidarako tartea, CoopCampek antolatutako “Producció, consum i relleu agrari” jardunaldiaren baitan. Lehenik, Biolur aurkeztu genien. Ekoizpen eta kontsumoaren arteko lanketa eta sareak nola lantzen genituen azaldu genizkien. Biolur aurkeztuta, Catalunyan ekoizpenean zein kontsumoan erreferentzialak diren hainbat proiekturekin batera mahai-ingurua partekatu genuen. Ondorengo kolektibo hauek hartu zuten parte: Cooperativa de Consum El Brot, Einateca Agroecològica, Fundació Emprius, La Kosturika i APACAT. CoopCampeko langileak dinamizatu zuen eztabaida eta aurrera begira ditugun erronkak marraztuta, bideak irudikatzen eta proposamenak partekatzen aritu ginen. Kasu honetan, guk Amillubi proiektua azaldu genien. Beraiek erosketa kolektiboez, kolektibo ezberdinen arteko elkarlanez, baserritarren arteko aliantzaz, eta bestelakoez mintzatu ziren. Nola ez, ekimenaren osteko afarian erronketan eta aukeretan sakontzen jarraitu genuen.

Larunbat goizean Camp de Tarragona eskualdean jarraitu genuen, eta Santa Coloma de Queralt herrian okindegia duen L’Aresta Cooperativa bisitatu genuen. Lau lan-lerro ditu l’Arestak: okindegia, dinamizazio agroekologikoa, formakuntza eta hezkuntza, eta ikerketa. Alde batetik, okindegiaren funtzionamendua ezagutu genuen: gehien bat bertako barietateekin egiten dute lan, zonaldeko ekoizle bati irina zuzenean erosita, eta astean labekada bat egiten dute. Bestetik, kooperatibaren barne funtzionamenduaz aritu ginen luze eta zabal. Hemen bezalaxe, ekoizpenaren arloa oso egoera zailean dago, eta proiektuen bideragarritasuna lortzea ez da erraza. Baina saiatu eta saiatu ari dira, eta ikaspen interesgarriak partekatu genituen. Halaber, dinamizazio arlotik, herriko harategiaren eta hiltegi txikiaren erreleboa landu dute, inguruko 4 artzainekin batera, eta proiektuaren gakoak eta irakaspenak azaldu zizkiguten. Azkenik, L’Arestako kide bat Arran de Terra Cooperativako kidea ere bada, eta bigarren honetatik Collserolako mendian urte luzetan zehar egin duten prozesuaren nondik norakoak azaldu zizkigun. Bereziki interesgarri iruditu zitzaigun “Contracte Agrari” figura, zeinaren bidez deritzon zerbitzu ekosistemikoen konpentsazio ekonomikoa lortu eta egituratu duten.

Eta Collserolaz aritu eta gero, zuzen Collserolara joan ginen, La Rural de Collserola proiektua bisitatzera. Lursailean bertan elkartu ginen proiektuko kide batekin, eta proiektuaren bilakaera kontatu zigun. Collserola Bartzelonako area metropolitanoaren erdian dago eta, beraz, merkaturatzeari begira aukera anitz eta emankorrak dituzte. Ez da kasualitatea, beraz, lan handia egitea merkaturatzeari begira. Egun, horri begira antolatzen dute ekoizpena. Beste ikuspegi bat ekarri zigun, eta gureari begira jarri gintuen.

Handik hirira jaitsi ginen, aterpetxera. Bertan elkartu ginen hurrengo egunean, igandean, Coop57eko kideekin. Beraiek eman ziguten azpiegitura, aholkularitza eta babesa diru bilketa kanpainan, eta bagenuen beraiekin elkartzeko eta proiektuaren berri emateko gogoa. Harriduraz hartu genuen, momentuz, egin duten crowfounding kanpaina handienetakoa Amillubikoa zela entzutea. Noski, egindakoaz aritu ginen, baita aurrera begira jarri ere. 

Eta aurrera begira jartzeko, asko eta asko dira bidaia honetatik ateratako ideiak, galderak, erronkak eta gogoak. Bidaiari zukua hobeto ateratzeko, kronika zabalago bat egingo dugu hurrengo asteotan, hurrengo hilabetetan Amillubin ditugun erronkei begira irakaspenak ateratzeko. Bidaiaren inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, ez egin zalantza eta idatziguzu.


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago