Amillubin garatuko diren proiektuak diseinatzen hasteko prozesuari ekitera goaz

‘Utopiak eraikitzen’ izeneko prozesuaren baitan hasiko gara proiektuak eta horien egitura juridikoak diseinatzen.

Amillubi etapa berri baten sartzera doa. Hurrengo asteetan zehaztuko ditugu Utopiak Eraikitzen izendatu dugun prozesuaren nondik norakoak zein diren, baina epe ertain-luze batean Amillubiko lurretan garatuko diren proiektuak definitzea eta horiek izango duten egitura juridikoa zehaztea da etapa berri honen helburua nagusia. 

Modu honetan, esan dezakegu Amillubi etapa berri batean sartzeko prest dela. Izan ere, Amillubi ekimenaren lehengo bi urteetan, taldea buru-belarri ibili da diru-bilketa eta lurraren aktibaziorako lanetan, baita hau dena gizarteratzen; baina neke bat sumatzen genuen kideen artean eta hori atenditzea garrantzitsua ikusi genuen, fase berri honetara sartu aurretik. Horregatik, etapa berriari ekin aurretik, lantaldearen antolakuntza berrikusi eta taldearen energia kontutan izanda, fase berri honetarako egokiagoa izan zitekeen funtzionamendu-egitura eraginkor bat sortzeko lanetan aritu gara.

Kanpoko laguntzarekin eta gure aldetik inplikazio handiarekin egin dugu lan barne egitura sendo eta eraginkor bat lortzeko nahian, eta joan den igandean, urriaren 19an, amaitutzat eman genuen, Amillubin egin genuen egun osoko lanketa bilera batean.

Antolaketa berri honetan, besteak beste, guztiok bilera guztietara joan beharrean bakoitzaren rol eta funtzioak banatu eta zaintza erdigunera ekarri nahi izan dugu. Igandeko bileran, azpitaldeen kideak eta ordezkariak hautatu genituen,  eta baita erabakiak hartzeko prozedura eta komunikazio bideak definitu ere.

Eguna luze joan zen, baina oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun horrelako ekimenetan, barne lanketari denbora dedikatzea eta nahiz eta jakin oraindik lan handia dugula aurretik, bide egokian gaudela sentitzeak, eta egin ditugun aurrerapausoak ikusteak asko poztu gintuen. 


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago