Amillubiko etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta bertan gara daitezkeen proiektuak diseinatzen hasi aurretik, sektorearen erronkei eta alternatibei begira jarri nahi dugu, ikaspenak ateratzeko eta hortik Amillubiri begira jartzeko.
Errelebo falta eta errelebo prozesuak gauzatzeko zailtasunak sektorearen erronka nagusietako bat dira egun; bestetik, egungo zailtasun eta testuinguruari aurre egiteko bide bat estrategia kolektiboak dira.
Maiatzaren 10ean, Udaberriko Festan, Amillubin, horiei begira jarriko gara. Horretarako, bi mahai-inguru hauek izango ditugu:
Agroekologiako antolaketa-kolektiboko esperientziak
Moderatzailea: Olaia Blanco (talde prozesuetan aditua eta sektoreko kidea)
Parte hartzaileak:
Eztibeltza Kooperatiba (Xabi Torres)
Baztanen, bertatik bertara ogibidea izateko egitasmoa da kooperatiba, besteak beste, sagastiak dituzte, sagardoa egiten dute eta Larralde Sagardotegia kudeatzen dute.
Eskubaratz Elkartea (Asier Garai, Atxi)
Izurtzan duten baratzean, kolektiboki barazkiak ekoizten dituzte Eskubaratzeko kideek. 10 urte baino gehiago ditu proiektuak eta hasieratik kolektiboa izan da. Salmenta dibertsifikatua dute, eta kontsumo-taldeetan, dendetan eta azoketan saltzen dute.
Ereindajan Bergara Kooperatiba (Ainhoa Narbaiza)
Ereindajan Bergara kontsumo kooperatiba da, eta 5 urte baino gehiago daramatza Bergaran kontsumo arduratsua eta ekologikoa bultzatzen. Denda izateaz gain, nekazaritza eta elikadura-sektoreak dinamizatzeko lanak ere egiten dituzte. Azken urteetan, Oxirondo azoka gaurkotzeko Bergarako elikadura mahaitik sustatutako Elikaenea egitasmoko partaide garrantzitsua da.
Erreleboari adi! Erantzunak bizi-esperientzien ahotik
Moderatzailea: Mirene (Agroekologian ikerlaria eta Biolurreko kidea)
Parte hartzaileak:
Sarobe Baserria (Gregorio Zuaznabar)
Ekoizpen ekologikoan aintzindariak, eredu dibertsifikatua dute: barazkiak eta esnekiak salmenta zuzenaren bidez banatzen dituzte, eta BEHIEKO markaren sustatzaileetako bat da Gregorio. Proiekturako erreleboa aurkitzea gustatuko litzaieke. Bidea egin duen baserritarraren ikuspegia eta erronkak ekarriko dizkigute.
Baztango Xurie (Ana Iriarte)
Izenak dioen bezala, Arizkunen (Baztanen) dagoen ardo zuri ekoizpen-proiektua da Baztango Xurie eta bertan mahastiak eta upategia dituzte. Proiektua zerotik abiatu zuten Ana eta Iñakik, eta beraien esperientziak “kaletik baserrira” egindako errelebo eta instalazio prozesuak ezagutzeko balioko digu .
Bizkaigane Kooperatiba (Xabi Sabalza)
Errigoitin (Bizkaian), 40 urte baino gehiago dituen proiektua da eta esnekiak egiten dituzte bertan. Familiako egituratik kanpo eratu da proiektua hasieratik, kolektibotasunaren alde apustua eginda, eta azken urteotan erreleboa ere landu dute.