Maiatzaren 10ean 2025eko Udaberri Festa ospatu genuen Amillubin. Eguraldi iragarpenek aterpe bila jarri gintuzten, eta azkenean Sakona Etxaldeko negutegian egin genuen jaiaren parte handi bat. Eskerrik asko Sakonako kideei, beraz!
Goizetik ekin genion egunari. Amillubi baserri ondoko aterpean izan ziren goizeko mahai-inguruak eta jendetza bertaratu zen. Emankorrak izan ziren solasaldiak eta elkar ezagutzeko eta ikaspenak partekatzeko baliagarriak izan ziren. Bidelagun ederrak bildu genituen goizeko saioetan.
Bitartean, negutegian, zaintza zerbitzuarekin umeen txokoa martxan egon zen, gero eta ume gehiagorekin. Giro ona eta aktiboa sumatzen zen. Eta bi gune horiek martxan zeudela Amillubiko kide eta laguntzaile asko han-hemenka lanean. Sukaldea bor-borka egon zen goiz osoan, eta euri goiztiarrak azpiegiturak mugitzera eta egokitzera behartu gintuen.
Eguerdi ateria egin zuen. Negutegian zeuden bazkaltzeko mahaiak baina kide askok kanpoko belardian bazkaltzeari ekin zion. Eguneko une lasaiena izan zen hori ziurrenik, eta Elikaeneako Ane sukaldariak gidatuta eta ekoizle askoren osagai agroekologikoekin osatutako paella goxoaz gozatu genuen.
Eta, segidan hasi zen arratsaldeko egitaraua. Diskurtso motz batekin eman zioten hasiera Amillubiko bi kidek, eta gerora Lide Arregiren bakarrizketa entzuteko parada izan genuen. Ezpelura Bururaren poesia musikatuarekin jarraitu baino lehen bazkariko mahaiak eta aulkiak jasotzen hasi ginen. Euri zaparradak oztopatu zigun lana tarte batez, baina pixka bat geroxeago eta asko eta askoren laguntzarekin, azkar ekin genion gunearen aldaketari. Poesia musikatua bukatutakoan, negutegia despejatuta genuen eta erdi-erdian hasi zen Elektropottotte elektrotxaranga giroa alaitzen eta negutegiko lurra astintzen. Heldua zen gorputza mugiarazteko ordua. Atseden txiki bat egin behar izan zuten, arnasa hartu eta lur-hautsak lehortutako eztarriak arintzeko, baina berrindartuta luzatu ziren giroa pizten. Bukatu zutenerako, La Jodederako kideek “eszenatoki” gunean dena prest zuten jotzen hasteko. Dantza estilo ezberdinerako parada eskaini nahi genuen eta halaxe izan genuen. Erritmo kubatarrak erreleboa hartu zion Elektropottottek jarritako martxari. Eta, bukatzeko, DJ Kurkubeatekin eman genion amaiera jaialdiari. Hau dena, bertako edari agroekologikoek goxatuta: Donieneko sagar zuku ekologikoa, Garaiko eta Bogako garagardoak, Goiabeko sangria, Biurko eta Candido Besaren ardoak, Ekaineko Sagardoa eta Gorritzeko patxarana.
Igandean, neke handia eta resaka puntu batekin ekin genion jasoketari, baina jaiaren poza eta irriparrak genituen gurekin. Balorazioa egiteko une helduko da, baina momentuz jende anitz bildu izanaren sentsazioarekin gelditu gara, gai sakonen bueltan izandako hasunarketa aberastuta, eta Amillubiren bueltako komunitatea elikatzeko gogoz.
Eskerrik asko jaia posible egin zenuten guztioi!








