Amillubin lurrak martxan

Udaberri eta udararekin batera lur-lanen intentsitatea gora dator eta Amillubiko lurrak itxura polita hartzen doaz.

Iaz izan genuen lehen sasoia Amillubiko lurrak lantzen eta, besteak beste, lurren egoera identifikatzeko baliagarri izan zitzaigun. Horren ondorioz, 2024/25eko lan nagusietakoa izan da lurren hobekuntza: ongarri berdea erein genuen zati batzuetan, elikagaiez aberastu dugu, eta antzinean zentral hidroelektrikora zihoan kanala berriro ere ireki dugu, uraren drenajea bideratzeko. Horrek ahalbidetu digu lursail handiagoa baldintza hobeagotan eskuragarri izatea, baina horrek ere lana dakar.

Hauek dira azken asteotan egin ditugun lanak, martxan ditugun laboreak, eta hurrengo asteotan izango ditugun zereginak:

  • Gari saila. Udazkenean erein genuen Biolurreko okinek erabiltzen duten bretainako gari barietate nahasketa eta horitzen hasia da dagoeneko. Uztaila hasierarako biltzea espero dugu.
  • Udazkenean, Alekarako hazia egiteko ilar motza eta baba handia erein genituen etxe azpiko lursailean. Azken asteotan horiek bildu ditugu. Ilarra oso emankorra izan da, eta ekoizpenari begira oso barietate interesgarria iruditu zaigu. Hazitarako pixka bat zailagoa izan da, motza izanik lurrean gelditzen baita eta onddoa erraz sartzen baitzaio. Hala ere, 30-40kilo inguru bildu ditugu. Baba handiarekin antzera gertatu zaigu. Ekoizpen handia izan zuen, baina goiz sartu zitzaion onddoa eta kasu horretan oso hazi gutxi aterako dugula aurreikusten dugu.
  • Porru mintegia. Udaberriko giroak eta Amillubiko beste zereginek ereiketa atzeratzera eraman gintuzten. Bi barietate erein genituen: Maxim eta Carentan. Lehena oso ondo erne zen eta aurrera jarraitzen du landare ekoizpenak. Bigarrena, aldiz, bigarren aldiz erein behar izan dugu eta kostata dator. Badirudi lurreko baldintzez gain, barietate honek huts egin digula… Hasi gara jada belarra kontrolatzeko lanetan, eta ureztapena martxan jarri dugu. Hurrengo asteotan ere horretan lana izatea aurreikusten dugu.
  • Alekarako hazia egiteko, udako baratzeko hiru labore jarri ditugu: berenjena (black beauty), kalabaziña (zapallito) eta pipermina (calabresse). Asteburu honetan jorratu ditugu eta aurrera begira mantenu lanak egin beharko ditugu ondo zaintzeko.
  • Artoa eta babarruna. Drenajea egin dugun sailean artoa eta babarruna erein ditugu. Porte polita duen eta irina egiteko baliatzen den Sosola baserriko artoa, eta Tolosako babarruna. Batez ere, Alekarako hazia egiteko. Porru mintegiaren inguruan ere Alekarako Arrocina babarrun motza erein dugu.
  • Artoa eta babarrunaren sailean zati bat libre geratu zaigu. Hurrengo asteotan baloratuko dugu ea bertan azken laboreren bat landatu, edo zertarako erabili zati hori.

Laburbilduz, lurrak martxan ditugu eta horiekin batera lanak areagotzen dira. Azken asteotan dagoeneko deitu ditugu auzolanak, eta hurrengo asteei begira antzera jarraitzea espero dugu. Hauek beti eguraldiaren menpe egoten dira, eta horregatik normalen egun gutxiko marjinarekin egiten dugu deialdia. Hala ere, egon adi deialdietara eta animatu auzolanetara etortzen. Esku denak ongietorriak dira eta.


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago