Aurreko abenduan egin genuen 2025erako plangintza bileran urte osorako helburuak adostu genituen, eta horiek gauzatzeko ekainerako bidea marraztu ere. Sei hilabete geroago, plangintza bete den baloratu eta hurrengo hilabeteetako erronkak definitzeko ordua zen, eta horretan ibili gara azken aste hauetan. Lehenengo azpitaldeak bildu dira eta azkenik talde eragile osoa, denon artean plangintza bateratzeko.
Balorazio bilerak oso garrantzitsuak dira egindako lana balioan jartzeko, eta egia esan, pozik gaude planifikatutako gauza gehienak egin baititugu; lurra martxan jarri, Auzo(p)lan ekimenak, udaberriko jaian mahai inguruak txertatu, Kataluniara bidaia, saretzen jarraitu…
Hala ere, oraindik helburu batzuk betetzeko lanean jarraitu beharra dago, eta datozen hilabeteetan horiek izango ditugu jomuga.
Amillubik finantzaketa-iturri iraunkorrak behar ditu eguneroko lana egin ahal izateko eta gainera oraindik gutxi gora behera 60.000€ falta zaizkigu Amillubiren ordainketarekin amaitzeko. Hori horrela izanda, hauek lortzea izango da sozioekonomia azpi taldearen erronka nagusia. Gogoratu, dohaintzarik egin nahi izatekotan, webean dituzuela jarraibideak.
Bestalde, dena ondo joanez gero eta eskatutako diru laguntza lortuz gero, udazkenean, Amillubiko epe luzeko proiektuak definitzeko prozesuarekin hasiko gara. Abendurarte iraungo duen lehenengo fase horretan, 2026. urtean zehar gauzatuko dugun prozesua diseinatu eta parte hartuko duten eragileak definituko ditugu.
Bi helburu haundi hauek bete bitartean, gure betiko erritmoarekin jarraituko dugu: lur lanak, auzolanak eta auzo(p)lanak, eta guztiaren berri ematen jarraituko dugu gure ohiko komunikazio-kanaletatik, beraz adi egon!
Telegram kanala: https://t.me/amillubi
Instagram: https://www.instagram.com/amillubi/