2024ko udazkenean Biolurreko okin taldeak garia erein zuen Amillubin. Ogia egiteko erabiltzen duten gari barietate nahasketa bretoiarekin proba egin nahi zuten, ea nolako ekoizpena ateratzen zen Amillubin.
Iazko lanetatik ondorioztatu genuen Amillubiko lurrak nahiko pobre zeudela, beraz, garia ereitearekin batera zenbait mineraletan aberatsa den jatorri mineraleko harri birrinduen nahasketa bota genion lurrari, eta emaitza onak izan ditugu.
Garia ondo hasten joan da eta alea ondo garatuta etorri da. Azken asteotako ekaitz eta euriteekin tentsioan ibili gara, ea landarea etzango zuten, baina ez da horrelakorik gertatu eta uzta ederra bildu zuten uztailaren 11an. 7000 metro karratuko eremuan erein zuten eta guztira 1600 kilotik gora bildu zuten. Pozik daude okinak. Eta pozik gu ere, aurtengo ogirako, beste gari batzuekin batera nahasita, Amillubin ekoiztutako garia erabiliko baitute.