Berriak

  • Udaberri Festa Amillubin: Lurra oinarri, utopien bidean

    Jende pila bat batu ginen agroekologiaren bidean kolektibo handi eta sendoa garela ospatzeko.

    Oso pozik gaude bizi izan genuen egunarekin. Lan handia izan da guretzat, eta jendearen erantzunak emozionatu egin gaitu. Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi; zuen energiarekin indarra sumatu dugu proiektuan. Bidelagun asko ditugula sentitu dugu, eta egindako bidea jai giroan ospatu behar dugula ere bai.

    Goiza mahai-inguruekin hasi genuen. Lehenengoa Ametsek lurra hartzen dutenean izan zen. Hiru proiektu etorri ziren euren esperientziak partekatzera eta amets kolektibo bat aurrera eramateko gakoak eskaintzera. Besteak beste, honako gaiak aipatu ziren: proiektuaren hasierako helburuei eta balioei eustearen garrantzia, norbera aldatzeko prest egotea, auzolanaren indarra, pauso bakoitza ospatzearen beharra eta eztabaidarako metodologia lantzea. Lakabeko Ilargi, Ametxeko Jorge eta Agina biziberritzeko Alazne izan genituen mahai honetako protagonistak.

    Bigarren mahai-ingurua Lur bizia, herri bizia izenburupean egin genuen, lehen sektoreko ekoizpen kolektiboetan zentratua. Alekako Kelo, Errigorako Irati eta Etarteko Monika etorri ziren. Proiektu bakoitza zer beharri erantzuteko sortu zen azaldu zuten, izan duten bilakaeraz hitz egin zuten, kolektiboan lan egiteak dakartzan onurak eta irekitzen diren aukera berriak partekatu zituzten, baita bidean sortutako zailtasunei nola heldu dieten ere.

    Hau guztia gertatzen zen bitartean, haurrek ere euren txokoa izan zuten: margotzen, jolasean eta gozatzen.

    Lakabeko kideak bazkaria prestatzen aritu ziren, inguruko produktu agroekologikoz egindako paella eder batekin.

    Bazkalostean, jai giroari eman genion hasiera. Beste urteetan bezala, goiza formakuntza politikorako eta hausnarketarako izan ohi da; arratsaldea, berriz, elkarrekin gozatzeko eta ospatzeko unea.

    Alde batetik, haurrek zirku tailerraz gozatu zuten Hazietxe Zirkus konpainiaren eskutik.

    Bitartean, Aimar Uribesalgok Pobresiak emanaldiarekin eman zion hasiera arratsaldeari. Ondoren, Eli eta Manex Pagolak bertsoa eta saio elektronikoa uztartu zituzten emanaldian.

    Dantza giroan jarraitzeko, Babarrunbak Euskal Herriko musika runba doinuekin eskaini zigun emanaldia. Berba Labanakaz taldearekin, berriz, punky-kuki estiloan saltoka aritu ginen denok.

    Amaitzeko, Txantona Garrote DJak dantza, algara eta poztasunez inguratu gintuen.

    Nekea eta alaitasuna ditugu gorputzetan. Eskerrik asko boluntario bezala txandak bete zenituztenoi, janari eta edari agroekologikoak ekarri zenituztenoi, eta bertaratu zineten guztioi. Plazer bat izan da guztiekin horrelako egun bat ospatu izana.

    binary comment

  • Jaiari begirako informazio eta ohar praktikoak

    Udaberriko festa denok gozatzeko espazio eroso eta aldarrikatzailea izatea nahiko genuke, ingurua zaindu eta errespetatzen dugun bitartean. Hori, baina, ez da berez gertatzen den zerbait, eta beraz, horri begira, hainbat ohar partekatu nahi ditugu guztiekin:

    Bazkarirako ticket gutxi batzuk baino ez dira geratzen, beraz, azkar ibili eta ez geratu gabe!

    Arratsalderako, aldiz, nahi beste sarrera daude; gainera, azken momentuan animatzen bazarete ere, bertan izango duzue arratsaldeko ticketak erosteko aukera. Zatozte giroaz gozatzera! Bazkarirako eta arratsalderako ticketak hemen.

    Eguraldiari begira

    Lehenik eta behin, eguraldi-iragarpenak oso aldakor datoz, eta ez dakigu ziur zerekin topatuko garen. Eszenatoki horren aurrean, aterpe ezberdinak prestatzen ari gara Amillubin, jaia bertan egin ahal izateko. Hala ere, horrekin lotuta ohar pare bat partekatu nahi ditugu, denok ahalik eta erosoen egon ahal izateko.

    Nahiz eta Amillubin aterpeguneak sortu ditugun eta beraz, bertan ez gara bustiko, gomendatzen dizuegu mendiko botak edo tankerako oinetakoak ekartzea, baita  txubaskero eta/edo euritakoak ere. Oinez etortzeko eskertuko duzue, baita Amillubin sortuko ditugun aterpeguneen artean mugitzeko ere.

    Eta euria egingo badu?

    Egia esan, ez da eurite handirik espero; gehienez ere xirimiri pixka bat egitea aurreikusten da, eta arratsalde partean atertzera joatea espero dugu. Hala ere, badaezpada ere, B plana prest daukagu eta eguraldiak ez digu festa zapuztuko.

    Beraz, animatu lasai etortzera! Edozein aldaketa edo informazio zehatzago webgunean, sare sozialetan eta izena eman dutenei email bidez jakinaraziko diegu.

    Mugikortasuna antolatzeari begira

    Amillubin aparkatzeko espazioa mugatua da oso. Beraz, Iraeta auzoan dagoen futbol zelaian utzi beharko duzue autoa, eta bertatik oinez gerturatu Amillubiraino. Seinaleak aurkituko dituzue eta Urolako meandroaz gozatzeko aukera izango duzue.

    Kotxean lagun asko etorriz gero, nahi izatekotan, kotxez Amillubiko bidegurutzeraino gerturatu ahal zarete (baserriraino jeitsi gabe) eta han lagun gehienak gelditu. Gero, Iraetara aparkatzera joan eta gidaria handik Amillubira oinez etorri beharko da.

    Bidea asfaltatu gabeko lurrezko pista da eta ez dago oso baldintza egokietan. Oinez bertaratzeko zailtasunik izanez gero, jakin “lanzadera” zerbitzua eskainiko dugula Iraetara behar duenaren bila joateko. Beharko duzula aurreikusten baduzu, lehenago jarri gurekin harremanetan (info@amillubi.eus // 688 60 53 80).

    Halaber, jaia Amillubiko baserriko lurretan izango da, zelaietan batez ere. Beraz, ez dago egokituta mugikortasun mota guztietarako. Horrekin lotuta behar berezirik izanez gero, jarri gurekin harremanetan eta azalduko dizugu hobeto nolakoa den ingurunea, baloratzeko zein aukera dagoen bertaratzeko eta jaian parte hartzeko.

    Pertsona guztiak ongi etorriak, jarrera guztiak ez

    Amillubi natur- eta nekazal-eremuan dago, beraz, zaindu dezagun! Amillubin bertan ekoizpena martxan jarri dugu aurten eta jaia ereindako soloen ondoan egingo dugu. Hortaz, ingurunearekiko errespetuz jokatzea eskatzen dizuegu. Besteak beste, hautsontziak jarriko ditugu eta horiek erabiltzea eskatu nahi dugu aldez aurretik.

    Bestetik, Amillubiko festa bertaratzen garen denontzako espazio aske eta segurua izatea nahi dugu. Horretarako, ardura denona da.

    Haurrak ere gonbidatuak

    Haurrentzako txokoa egongo da egun osoan zehar. Goizean zaintza zerbitzua egongo da. Bazkalostean Zirku Tailerra, HaziEtxeZirkus-en eskutik. Hortik aurrera, zerbitzua autogestionatuta izango da.

    Jan-edan agroekologikoak

    Bertako produktu agroekologikoekin osatuko dugu bazkaria eta barrako edariak. Bazkaltzeko aukera begetarianoa eta ez-begetarianoa egongo da. Janariarekin lotuta behar bereziren bat izanez gero, jarri gurekin harremanetan.


  • Iazko esperientzia aberasgarriari jarraipena emanez, aurten ere mahai-inguruak antolatzea erabaki dugu. Iazko festan landu genituen bi gai nagusiak —belaunaldi-erreleboa eta antolaketa kolektiboa— oso baliagarriak izan ziren guretzat, eta mahai-inguruetako dinamikekin jarraitzea erabaki dugu, elkarrekin ikasten jarraitzeko asmoz.

    Goizeko egitaraua 10:00etan hasiko dugu, “Ametsak lurra hartzen dutenean” izeneko lehen mahai-inguruarekin. Saio hau gaur egun Amillubin lantzen ari garen “Utopiak eraikitzen” prozesuarekin lotuta egongo da, eta beste esperientzia kolektibo batzuetatik ikastea, haien ibilbideak entzutea eta gure bidean baliagarriak izan daitezkeen gakoak jasotzea du helburu.

    Horretarako, hiru proiektu gonbidatu ditugu: Lakabe, Ametxe eta Aginaga Biziberritzen. Hiru esperientziak oso ezberdinak diren arren, badute ezaugarri komun bat: pertsona talde txiki baten amets gisa abiatu ziren, eta gaur egun komunitatea eraldatzeko erreferente bihurtu dira.

    Lakabe Nafarroako Artzibar haranean kokatutako komunitate autogestionatua da, 1980an gazte talde batek berreskuratua. Ordutik, naturarekin eta bizikidetza komunitarioarekin lotutako bizimodu alternatiboak esperimentatzen jarraitzen du, utopia praktikara eramateko bideak zabalduz.

    Ametxe, berriz, Gordexolan garatzen ari den etxebizitza kooperatiboaren proiektua da. Baserri historiko bat bizikidetza eredu kolektibo bihurtzea du helburu, zaintza, elkarlaguntza eta jasangarritasuna ardatz hartuta, kultura birsortzaile baten bidez komunitatea indartuz.

    Aginaga Biziberritzen egitasmoak ere komunitatea erdigunean jartzen du. Auzoko beharrei modu kolektibo eta kooperatiboan erantzuteko sortua, Eliza Zaharra eta Arrate ostatua bezalako espazioak aktibatuz, auzo bizigarriagoa eta saretuagoa eraikitzea du xede.

    Bigarren mahai-ingurua 12:00etan hasiko dugu, “Lur bizia, herri bizia” izenburupean. Kasu honetan, agroekologiari eta ekoizpen proiektu kolektiboei helduko diegu, kolektibotasunak hartu ditzakeen forma anitzak aztertuz. Amillubin utopiak eraikitzen ari garen honetan, interes berezia dugu jakiteko zer aukera, erronka eta helduleku eskaintzen dituzten elikadura burujabetzarekin lotutako ekimenek.

    Mahai honetan Aleka, Errigora eta Etartie izango ditugu gurekin. Etartie, Durangaldeko ekoizleen elkarlanetik sortutako proiektua da, Soloko Nekazal Elkartearen bidetik garatua. Tokiko ekoizpena, merkatuaren dinamizazioa eta sektoreko sareak indartzea ditu helburu, komunitatean oinarritutako eredua sustatuz.

    Errigora, berriz, Nafarroa hegoaldeko produktuak eta euskalgintza uztartzen dituen herri-ekimena da. Elikadura burujabetza, auzolana eta euskararen sustapena uztartuz, ekoizleak, kontsumitzaileak eta herritarrak sare berean batzen ditu.

    Aleka Euskal Herriko hazi ekologikoen aldeko ekimena da, egungo hazi merkatu industrializatuaren alternatiba eraikitzeko sortua. Bioaniztasuna, artisau eran ekoitzitako haziak, zuzeneko merkaturatzea eta elikadura burujabetza ditu bere jardunaren oinarri.

    Mahai-inguru hauen bidez, gure asmoa da elkarrekin hausnartzea, ikastea eta sareak ehuntzen jarraitzea. Sinesten dugu bidelaguntza, elkarlana eta aniztasuna ezinbestekoak direla, bai belaunaldi-erreleboa bermatzeko, bai proiektu kolektibo sendoak eraikitzeko.

    Horregatik guztiagatik, Amillubiko festako goizeko egitaraua topagune eta inspirazio iturri izatea nahi dugu, elkarrekin etorkizun posibleak irudikatu eta eraikitzen jarraitzeko. Animatu eta etorri!


  • Askotariko kultur emanaldiak eskainiko ditu aurten ere Amilubiko Udaberriko Festak

    Poesia emanaldia, bertso sesio elektronikoa, punk eta runba doinuak, eta DJa izango dira, besteak beste, bertaratzen direnetzako gozagarri. 

    Amillubiren III. Udaberriko Festa ate joka da dagoeneko eta aurtengo ekitaldian ere kultur emanaldiek lekua izango dute festara gerturatzen direnen gozamenerako. Aurreko edizioetan bezala, goiz partean agroekologia hizpide izango duten mahai-inguruan egingo dira eta arratsalde parterako lotu dituzte hainbat kultur emanaldi. 

    Bazkalostean, 16retan hasiko dira ekitaldiak Amillubin bertan eta PObrESIAK emanaldia izango da eskainiko den lehendabizikoa. PObrESIAK pertsona bakarreko taldea da, kuadrilla txiki bat bezala, bikote bat zati bi. Bertako poesia, garaikoa, ekologikoa (eta pixka bat azidoa) irakurriko du Aimar Uribesalgok, izan ere, musikan “estilo” ezberdinak dauden legez, “hitz esana” deitu daitekeen poesia estiloa plazaratuko du: gordin, eszenografia eta musikarik gabe, ironia eta (auto)kritika dositxo jolaskoiekin.

    Poesiari bertsoak hartuko dio lekukoa segidan. Izan ere, bertso saio elektronikoa eskainiko dute Manex eta Eli Pagolak. Bertso-doinu berriak sortuko dituzte abesti elektronikoak bertsionatuta, besteak beste, reggaetona, reggaea, baladak, cumbia edota popa bertsotara bihurtuz. Bertso-doinutegi tradizionalaren ondarearen parte diren doinuak ere bertsionatuko dira musika elektronikoaren bidez, erritmo berrietara ekarriz eta ahots efektuak baliatuz

    Babarrunbaren txanda izango da ondoren. Euskal kanta herrikoiak rumba doinu dantzagarrian interpretatzen dituen taldea. Amillubin ezagunak ditugu, eta badakig zerdakarten: giro paregabea eta jendea dantzan jartzeko gaitasuna!

    Ondoren, Berba labanakaz taldea ikusteko aukera izango da. Berba labanakaz taldea Euskal Herria, Granada eta Alakanteko bost lagunek osatzen dute, Bilbon elkartu direnak. Beren estiloa hitz bakar batean definitu beharko balute, Kinki-Kuki deituko lukete. Kinki beren jarrera borrokalari eta punkagatik. Kuki, zaintza eta maitasuna borrokaren muinean daudela ulertzen dutelako.

    Eta amaitzeko DJa izango da festa giroa borobiltzeko. Ainhoa eta Gorane bergararrek Txanton(a) Garrote eszenatokira igo zen momentuan inspiratutako musika sesioa eskainiko dute. Berau, urolan  18. mendean herritarrek elikagaien eta lurren inguruan egindako borrokaren protagonista zen.  Rocketik elektronira, souletik eta funketik igarotako erritmoekin, nahasketa paregabe batekin girotuko dute Amillubiko jaia.

    Zirko tailerra txikienentzako

    Egitarau ederra osatu dugu festa goizalderarte luzatu nahi duenarentzako. Hala ere, etxeko txikienentzako ere izango da eskaintza. Izan ere, Hazietxe zirkus-en eskutik zirko tailerra eskainiko da 16retan. Garin-en kokatuta dagoen baserrian bizi diren lau kideren proiektua da Hazietxe Zirkus. Slack-line mundutik datozen kideak dira eta lagun artean zirko taillerrak ematen dituzte.

    Sarrerak erosi nahi dituenak, ondorengo loturan dauka horretarako aukera: EROSI ZURE SARRERA.


  • Larunbatean ospatu genuen Biolurreko urteko batzar nagusia

    Pasa den larunbatean Biolurren urteko batzar orokorrean elkartu ginen. Zita garrantzitsua da,  Biolurkideak elkartzen gaituen espazio nagusietako bat delako, komunitate izaera sendotzeko, egindako lana ospatzeko, eta etorkizuna elkarrekin irudikatu eta amesteko.

    Ez zen ohiko bilera bat izan. 50 lagun inguru bildu ginen Iratxe eta Aitorren etxaldean, Ekain sagardotegian, eta hasieratik sumatu genuen giro berezi bat; agian batzar honetan Mirian Arrizabalagari egindako lanaren eskertza egiteak izan zuen zer ikusia. Elkar agurtu eta hasierako berriketaldiaren ondoren, batzarrari ekin genion.

    Lehenengo zatian azken urtean egindako lana errepasatu genuen, elkarteak prestatzen duen bideo eder baten bitartez. Biolurrek dituen harreman sare eta lankidetzak izan dira azpimarra nagusiak, eraikitzen ari den  agroekologia sarea, komunitatea.

    Jarraian 2025eko kontuen itxiera, datozen hilabeteetarako egitasmoak eta honi lotutako aurrekontuak aurkeztu genituen.  Azken hilabetetako taldeen dinamikak,  barne lanketa,  eta gobernantzan emandako pausuak azaldu,  eta hauetan sakontzeko beharraz aritu ginen; eraginkortasuna, partehartzea eta antolaketa hobetzeko helburuz.

    Ondoren, Amillubiko proiektuen berri eman zen eta abiatu dugun “Utopiak eraikitzen” prozesua azaldu, eta lehen faseari amaiera emateko ariketa egin genuen. Helburua prozesuaren barruan ateratako bi lan ardatz nagusiak aurkeztu eta batzarrean kidegoarekin kontrastatu eta ekarpenak jasotzea izan zen. Lan ardatza hauek; 1) Eskola Agroekologikoa eta 2) baratza eta hazitegiari lotutako erreleboarako test gunea izan dira.

    Taldeka banatu eta proposamen horien inguruan hausnartu genuen. Sei taldetan aritu ginen, eta amaieran ondorioak partekatu genituen.

    Entzundakoak eta esandakoak ez zitzaizkigun urrunekoak iruditu, orain arte esku artean genituen beharrei erantzuten dien proiektuak direlako, eta beraz ekarpenak jasota, aurrera eramateko moduko proposamentzat onartu ziren. Norabide berean gaudela sentitzeak talde indarra eman zigun eta orain arteko  prozesua berretsiz, proiektuak lurreratu eta lantzeko faseari ekingo diogu.

    Eguneko unerik bereziena amaieran etorri zen. Junta berria  aurkeztu genuen giro alaian, eta ondoren Mirian Arrizabalagari  eskertza kolektiboa egin genion. 13 urtez lehendakari izan denari agur beroa eman genion. Une hunkigarria izan zen, eta askori nabaritu zitzaigun.

    Amaitzeko, Ekain sagardotegikoek prestatutako jana eta sagardoa dastatu genituen eguna modu atseginean borobilduz.

    Biolurren hurrengo topaketa Amillubin izango, maiatzak 16 larunbata Udaberriko festan. Animatu eta etorri!


  • Eskola Haziak: Gure baratzean burujabe

    Igande honetan, Eskola Haziak 2. saioa izango dugu.

    9:00etan auzolanari ekingo diogu eta 11:30tan kaferako tartea izango dugu.

    12:00tan Gure baratzetan burujabe tailerra izango dugu Biolur-Amillubiko kideen eskutik. Jakintza zein praktikak partekatzeko gune polita izango da.

    Lanerako eskularruak ekarri!

    Bestalde, jakin Amillubiren inguruko dokumental txiki bat grabatzen ari garela, eta igande honetan bertan Garro anaiak han egongo direla irudiak hartzen. Azalduko dizuegu.

    Amaitzeko gogoratu! Maiatzak 16 – Udaberriko Festa!!


  • Amillubi Udaberriko Festa: lurra eta kultura ardatz duen hitzordua

    Datorren maiatzaren 16an, Amillubi baserria eta bere inguruko lurrak biziberrituko ditugu Udaberriko Festarekin. Egun osoko egitarau oparo eta anitza prestatu dugu, goizetik iluntzera arte hausnarketa, elikadura eta kultura uztartuz.

    Eguna 9:30ean hasiko dugu ongi etorriarekin, eta segidan bi mahai-inguru eskainiko ditugu, “Lurra oinarri, Utopien bidean” lelopean. Bertan, utopia izatetik errealitate bihurtzen ari diren proiektuak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu

    14:30ean, Bazkari Agroekologikoak. Etorkizuneko elikadura ekoizpen duin eta jasangarrian oinarritu behar dela sinetsita gaude, eta horregatik tokiko produktu ekologikoak sustatzen jarraitu nahi dugu. Bazkarirako txartelak 10 eurotan jarriko ditugu salgai, eta haurrentzat 7 eurotan.

    Bazkalostean, kultur emanaldiak izango dira nagusi. Oholtza gainera igoko dira, besteak beste, Pobresiak, poesia musikatua; Bertso sesio musikatua, Manex eta Eli Pagolaren eskutik; Berba Labanakaz eta Babarrunba musika taldeak eta amaitzeko DJ-ak itxiko dute eguna. Albiste honetan kultur emanaldiei inguruko informazio osatuagoa.

    Arratsaldeko emanaldietarako sarrerak ere 10 eurotan eskuragarri jarri ditugu, eta haurrentzat doakoak izango dira. Sarrerak aldez aurretik erostea eskertuko genizueke, antolaketa errazteko. Lotura honetan duzue horretarako aukera: erosi sarrerak.

    Egun osoan zehar umeentzako txokoa prest izango dugu: goizean zaintza zerbitzuarekin, eta arratsaldean Hazietxezirkus-eko kideen eskutik zirku tailerrarekin. Albiste honetan kultur emanaldiei inguruko informazio osatuagoa.

    Bestalde, jakinarazi nahi dugu ibilgailuak Iraetako futbol zelaiko aparkalekuan utzi beharko direla; handik Amillubira oinezko bidea (5-10 minutu) seinaleztatuta egongo da. Mugikortasun arazoak dituztenentzat, garraio zerbitzua eskainiko dugu.

    Horrela, Amillubin komunitatea, lurra eta kultura uztartuko dituen topagunea sortzen jarraitu nahi dugu.

    Animatu, eta hartu zuen sarrerak!

    Eta jarraitu adi, laster informazio gehiago zabalduko dugu eta.


  • Eskola Haziak: Intersekzionalitatea lurreratzen

    Igande honetan, martxoak 15, Eskola Hazien lehengo saioa izango dugu.

    9:00etan hasita lanean arituko gara auzolanean.

    11:00tan Kaferako tartea izango dugu eta 11.30tan formazio saio: Intersekzionalitatea Lurreratzen.

    Animatu eta eskularruak ekarri!!


  • ‘Eskola Haziak’ dinamika abiatuko du Amillubik martxotik aurrera

    Agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruan ikasi nahi duen edonorentzat zuzenduta egongo da eta guztira zazpi saio eskainiko dira


    Martxotik aurrera Eskola Haziak dinamika jarriko dugu martxan Amillubin. Eskola Haziak, agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruan ikasi nahi duen edonorentzat: pertsonentzat, taldeentzat zein erakundeentzat sortutako dinamika da, aurreko urteko Auzoplanen ideiatik sortua.

    Goizean auzolan bat egingo dugu, Amillubiko eguneroko lanak eta behar praktikoak ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera eskainiz. Auzolanaren ondoren, jakintza partekatzeko tailerra edo hitzaldia izango da, ikasitakoa kolektiboki lantzeko, esperientziak trukatzeko eta gogoetarako espazioa irekitzeko.

    Helburuak, nekazari txikiak eta elikadura-sistema eraldatzen ari diren proiektuak indartzea; ikuspegi feminista, intersekzional eta kolektiboa lantzea eta Gipuzkoako mugimendu agroekologikoan agenda komun bat ehuntzea da.

    Horretarako, 7 Auzo(p)lan egingo ditugu, teoria pixka bat, eztabaida eta auzolan praktikoa uztartuz. Horrela, baserritarren egunerokoa hobeto ezagutuko dugu eta gure arteko sarea sendotuko da.

    Saioetan hainbat ikuspegi landuko ditugu: ekonomia sozial eta eraldatzailea, ekofeminismoa, intersekzionalitatea, proiektuen ekoizpen eta merkaturatze kolektiboa eta bioeraikuntza.

    Laburbilduz, Amillubi jakintza partekatzeko, elkarrekin ikasteko eta agroekologia herritik eta herriarentzat eraikitzeko espazioa da.

    Lehendabiziko Eskola Hazia martxoaren 15ean izango da. Saio honetan intersekzionalitatearen inguruko lanketa egingo dugu, zapalkuntzen arteko gurutzaketak ulertu eta agroekologiaren praktikan txertatzeko moduak aztertuz. Ikuspegi berriak eraikitzeko aukera izango dugu, elikadura burujabetzaren bidean aniztasuna eta justizia soziala erdigunean jarriz.

    Udaberriko festa

    Eskola Hazien dinamika horiez gain, aurten hirugarren urtez Udaberriko Festa egingo dugu Amillubin. Aurreko urteko formatua mantenduko dugu: goizean zehar mahai inguruak egingo ditugu, agroekologia, elikadura burujabetza eta alternatiba errealen inguruan hausnartzeko eta elkarrizketa sustatzeko.

    Arratsaldean, berriz, jai giroan ibiliko gara: kontzertuak, zirko tailerra, eta adin guztientzako ekintza eta topaguneak egongo dira, komunitatea sendotzeko eta ospakizunerako espazioa sortuz. Egitaraua eta kartela laster izango ditugu. Maiatzaren 16an izango da aurtengo festa.

    * Kartelean ageri diren data eta hizlarietan aldaketak egon daitezke


  • Urte hasierarekin batera berriro martxan

    Urte hasierarekin batera, Amillubi ere berriro martxan jarri da, indarberrituta eta erronka berriei begira. Azpitaldeak dagoeneko lanean hasi dira urteko ildo nagusiak zehazten eta 2026ari begirako planifikazioa osatzen.

    Proiektuen lan taldeak Amillubiko lurren antolaketa landu du 2026ko planifikazioa eginez. Une honetan iderra, lihoa, zekalea eta abono berdea ditugu ereinda lursailetan. Lihoa eta iderra erein ostean euri pila bat egin zuen eta ez dira behar bezala atera, beraz, berriz erein behar ditugu hauek. Lurra zaintzea eta etorkizunari begira prestatzea da helburua.

    Komunikazio eta gizarteratze taldea ere buru-belarri dabil sormen eta antolaketa lanetan. Iruditegia osatzen ari dira, eta “Eskola Hazien” egitasmoa, Amillubiko festa eta bestelako ekintza irekiak prestatzen. Ekimen hauen lehen urratsak dagoeneko ematen hasi dira, eta Eskola Hazien proiektua martxoan jarriko dugu martxan, hezkuntza eta lurra uztartuz.

    Sozioekonomikoko taldea ere ez da geldirik egon. Baserria erosteko prozesuaren azken txanpan gaude, eta une erabakigarri honetan baliabide ekonomikoak nola lortu aztertzen ari dira, alternatibak lantzen eta bide berriak irekiz, proiektuaren etorkizuna bermatzeko asmoz.

    Bestalde, Amillubi ezagutzen jarraitzeko interesa gero eta handiagoa da. Larunbat honetan, Getxo ingurutik mintzapraktiketan dabiltzan lagun ugari hurbildu ziren proiektua ezagutzera, lurra, baserria eta proiektuaren filosofia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.

    Gaur, berriz, Donostian ekofeminismoari buruzko hitzaldi bat eman dugu +55 taldearentzat, eta datorren astelehenean eta asteartean talde bera Amillubira etorriko da proiektua sakonago ezagutzera.

    Poliki baina tinko, Amillubik aurrera egiten jarraitzen du, sareak ehuntzen, lurra lantzen eta komunitatea indartzen.