2025erako helburuei begira gogoz jarri gara

Urte berri on, Amillubitar!

Badituzu urte berrirako helburuak? Guk bai. Abenduan egin genuen 2025erako plangintza bileran urte osorako helburuak adostu genituen, eta horiek gauzatzeko hemendik eta ekainerako bidea marraztu ere. Horrela gustura ematen zaio hasiera urte berriari! 

2025 trantsizio urtea izango da Amillubirentzat, garrantzitsua. Alde batetik, proiektua jaio zenetik izan dugun helburu nagusia bete nahi baitugu. 100.000€ falta zaizkigu erosketarekin amaitzeko eta eraikinaren oinarrizko konponketak egiteko eta hori izango da 2025eko xede nagusia. Beraz, ekimenak ere horri begira definitu ditugu: zabalpena, jaia-topaketa, diru-bilketa kanpaina,… Ez ahaztu gure web-orrian aukera duzula ekarpena egiteko. 

Bitartean, baina, Amillubi bizirik nahi dugu, bai lurrak eta bai Amillubiko komunitatea. Horretarako, lurra lantzeko proiektuek aurrera darraite: baba eta ilar hazi eta gari ekoizpena, lurra hobetzeko ongarri berdearen ereiketa eta mineralizazioa… baita lurren drenajea ere.

Lurra lantzeko, Amillubiko inguruak zaintzeko, eta etxea guretzat erabilgarri zein goxo jartzeko, auzolanak egingo ditugu, baina oraingoan, “Auzo(p)lanak” izango dira. Lana egitearekin batera, beste ekimenen baten bueltan elkartu nahi dugu. Bi hilabetetik behin egingo ditugu, udara bitartean; otsailean, apirilean, eta ekainean. Joango gara datak eta planak zehazten! 

Baina, esan bezala, trantsizio urte bezala ikusten dugu 2025a, dirua lortzetik etorkizuneko proiektua definitzeko jauzia emateko urtea. Hori, baina, kolektiboki egin nahi dugu, sektore agroekologikoan ditugun behar eta erronkei kolektiboki begiratuta. Amillubiko etorkizuneko proiektua definitzeari begira, beraz, beste esperientziak ezagutzen hasi nahi dugu. Horretarako, hurrengo hilabeteotan, bi ekimen nagusi egingo ditugu. Alde batetik, erreferente zaizkigun hainbat proiektuengana joango gara, bertatik bertara euren esperientziak ezagutzeko. Emango dizuegu horren berri. Beste alde batetik, esperientzia horiek gurera ekarri eta kolektiboki hausnartzeko gunea sortu nahi dugu, eta horretarako 2025eko Udaberriko Festan hausnarketa guneak ere izango ditugu. 

Beraz, aurten, berriz ere Udaberriko Festa egingo dugu, maiatzaren 17ko asteburuan, Amillubitar komunitatea elikatzen jarraitzeko. Oraingoan, baina, alderdi ludiko-festiborako uneak egoteaz gain, hausnarketa kolektiborako espazioak ere sortuko ditugu. Gorde data!

Ilusioz ekin nahi diogu bideari, zuek bidelagun. Beraz, animatu ekimenetan parte hartzera. Gu ohiko bideetatik (Telegram kanala, web-orria, facebook eta Instagram-a) informazio zehatzagoa ematen joango gara.

Urte emankor on!


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago