Larunbatean ospatu genuen Biolurreko urteko batzar nagusia

Pasa den larunbatean Biolurren urteko batzar orokorrean elkartu ginen. Zita garrantzitsua da,  Biolurkideak elkartzen gaituen espazio nagusietako bat delako, komunitate izaera sendotzeko, egindako lana ospatzeko, eta etorkizuna elkarrekin irudikatu eta amesteko.

Ez zen ohiko bilera bat izan. 50 lagun inguru bildu ginen Iratxe eta Aitorren etxaldean, Ekain sagardotegian, eta hasieratik sumatu genuen giro berezi bat; agian batzar honetan Mirian Arrizabalagari egindako lanaren eskertza egiteak izan zuen zer ikusia. Elkar agurtu eta hasierako berriketaldiaren ondoren, batzarrari ekin genion.

Lehenengo zatian azken urtean egindako lana errepasatu genuen, elkarteak prestatzen duen bideo eder baten bitartez. Biolurrek dituen harreman sare eta lankidetzak izan dira azpimarra nagusiak, eraikitzen ari den  agroekologia sarea, komunitatea.

Jarraian 2025eko kontuen itxiera, datozen hilabeteetarako egitasmoak eta honi lotutako aurrekontuak aurkeztu genituen.  Azken hilabetetako taldeen dinamikak,  barne lanketa,  eta gobernantzan emandako pausuak azaldu,  eta hauetan sakontzeko beharraz aritu ginen; eraginkortasuna, partehartzea eta antolaketa hobetzeko helburuz.

Ondoren, Amillubiko proiektuen berri eman zen eta abiatu dugun “Utopiak eraikitzen” prozesua azaldu, eta lehen faseari amaiera emateko ariketa egin genuen. Helburua prozesuaren barruan ateratako bi lan ardatz nagusiak aurkeztu eta batzarrean kidegoarekin kontrastatu eta ekarpenak jasotzea izan zen. Lan ardatza hauek; 1) Eskola Agroekologikoa eta 2) baratza eta hazitegiari lotutako erreleboarako test gunea izan dira.

Taldeka banatu eta proposamen horien inguruan hausnartu genuen. Sei taldetan aritu ginen, eta amaieran ondorioak partekatu genituen.

Entzundakoak eta esandakoak ez zitzaizkigun urrunekoak iruditu, orain arte esku artean genituen beharrei erantzuten dien proiektuak direlako, eta beraz ekarpenak jasota, aurrera eramateko moduko proposamentzat onartu ziren. Norabide berean gaudela sentitzeak talde indarra eman zigun eta orain arteko  prozesua berretsiz, proiektuak lurreratu eta lantzeko faseari ekingo diogu.

Eguneko unerik bereziena amaieran etorri zen. Junta berria  aurkeztu genuen giro alaian, eta ondoren Mirian Arrizabalagari  eskertza kolektiboa egin genion. 13 urtez lehendakari izan denari agur beroa eman genion. Une hunkigarria izan zen, eta askori nabaritu zitzaigun.

Amaitzeko, Ekain sagardotegikoek prestatutako jana eta sagardoa dastatu genituen eguna modu atseginean borobilduz.

Biolurren hurrengo topaketa Amillubin izango, maiatzak 16 larunbata Udaberriko festan. Animatu eta etorri!


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago