Poesia emanaldia, bertso sesio elektronikoa, punk eta runba doinuak, eta DJa izango dira, besteak beste, bertaratzen direnetzako gozagarri.
Amillubiren III. Udaberriko Festa ate joka da dagoeneko eta aurtengo ekitaldian ere kultur emanaldiek lekua izango dute festara gerturatzen direnen gozamenerako. Aurreko edizioetan bezala, goiz partean agroekologia hizpide izango duten mahai-inguruan egingo dira eta arratsalde parterako lotu dituzte hainbat kultur emanaldi.

Bazkalostean, 16retan hasiko dira ekitaldiak Amillubin bertan eta PObrESIAK emanaldia izango da eskainiko den lehendabizikoa. PObrESIAK pertsona bakarreko taldea da, kuadrilla txiki bat bezala, bikote bat zati bi. Bertako poesia, garaikoa, ekologikoa (eta pixka bat azidoa) irakurriko du Aimar Uribesalgok, izan ere, musikan “estilo” ezberdinak dauden legez, “hitz esana” deitu daitekeen poesia estiloa plazaratuko du: gordin, eszenografia eta musikarik gabe, ironia eta (auto)kritika dositxo jolaskoiekin.

Poesiari bertsoak hartuko dio lekukoa segidan. Izan ere, bertso saio elektronikoa eskainiko dute Manex eta Eli Pagolak. Bertso-doinu berriak sortuko dituzte abesti elektronikoak bertsionatuta, besteak beste, reggaetona, reggaea, baladak, cumbia edota popa bertsotara bihurtuz. Bertso-doinutegi tradizionalaren ondarearen parte diren doinuak ere bertsionatuko dira musika elektronikoaren bidez, erritmo berrietara ekarriz eta ahots efektuak baliatuz

Babarrunbaren txanda izango da ondoren. Euskal kanta herrikoiak rumba doinu dantzagarrian interpretatzen dituen taldea. Amillubin ezagunak ditugu, eta badakig zerdakarten: giro paregabea eta jendea dantzan jartzeko gaitasuna!

Ondoren, Berba labanakaz taldea ikusteko aukera izango da. Berba labanakaz taldea Euskal Herria, Granada eta Alakanteko bost lagunek osatzen dute, Bilbon elkartu direnak. Beren estiloa hitz bakar batean definitu beharko balute, Kinki-Kuki deituko lukete. Kinki beren jarrera borrokalari eta punkagatik. Kuki, zaintza eta maitasuna borrokaren muinean daudela ulertzen dutelako.

Eta amaitzeko DJa izango da festa giroa borobiltzeko. Ainhoa eta Gorane bergararrek Txanton(a) Garrote eszenatokira igo zen momentuan inspiratutako musika sesioa eskainiko dute. Berau, urolan 18. mendean herritarrek elikagaien eta lurren inguruan egindako borrokaren protagonista zen. Rocketik elektronira, souletik eta funketik igarotako erritmoekin, nahasketa paregabe batekin girotuko dute Amillubiko jaia.

Zirko tailerra txikienentzako
Egitarau ederra osatu dugu festa goizalderarte luzatu nahi duenarentzako. Hala ere, etxeko txikienentzako ere izango da eskaintza. Izan ere, Hazietxe zirkus-en eskutik zirko tailerra eskainiko da 16retan. Garin-en kokatuta dagoen baserrian bizi diren lau kideren proiektua da Hazietxe Zirkus. Slack-line mundutik datozen kideak dira eta lagun artean zirko taillerrak ematen dituzte.
Sarrerak erosi nahi dituenak, ondorengo loturan dauka horretarako aukera: EROSI ZURE SARRERA.










