Berriak

  • Larunbatean ospatu genuen Biolurreko urteko batzar nagusia

    Pasa den larunbatean Biolurren urteko batzar orokorrean elkartu ginen. Zita garrantzitsua da,  Biolurkideak elkartzen gaituen espazio nagusietako bat delako, komunitate izaera sendotzeko, egindako lana ospatzeko, eta etorkizuna elkarrekin irudikatu eta amesteko.

    Ez zen ohiko bilera bat izan. 50 lagun inguru bildu ginen Iratxe eta Aitorren etxaldean, Ekain sagardotegian, eta hasieratik sumatu genuen giro berezi bat; agian batzar honetan Mirian Arrizabalagari egindako lanaren eskertza egiteak izan zuen zer ikusia. Elkar agurtu eta hasierako berriketaldiaren ondoren, batzarrari ekin genion.

    Lehenengo zatian azken urtean egindako lana errepasatu genuen, elkarteak prestatzen duen bideo eder baten bitartez. Biolurrek dituen harreman sare eta lankidetzak izan dira azpimarra nagusiak, eraikitzen ari den  agroekologia sarea, komunitatea.

    Jarraian 2025eko kontuen itxiera, datozen hilabeteetarako egitasmoak eta honi lotutako aurrekontuak aurkeztu genituen.  Azken hilabetetako taldeen dinamikak,  barne lanketa,  eta gobernantzan emandako pausuak azaldu,  eta hauetan sakontzeko beharraz aritu ginen; eraginkortasuna, partehartzea eta antolaketa hobetzeko helburuz.

    Ondoren, Amillubiko proiektuen berri eman zen eta abiatu dugun “Utopiak eraikitzen” prozesua azaldu, eta lehen faseari amaiera emateko ariketa egin genuen. Helburua prozesuaren barruan ateratako bi lan ardatz nagusiak aurkeztu eta batzarrean kidegoarekin kontrastatu eta ekarpenak jasotzea izan zen. Lan ardatza hauek; 1) Eskola Agroekologikoa eta 2) baratza eta hazitegiari lotutako erreleboarako test gunea izan dira.

    Taldeka banatu eta proposamen horien inguruan hausnartu genuen. Sei taldetan aritu ginen, eta amaieran ondorioak partekatu genituen.

    Entzundakoak eta esandakoak ez zitzaizkigun urrunekoak iruditu, orain arte esku artean genituen beharrei erantzuten dien proiektuak direlako, eta beraz ekarpenak jasota, aurrera eramateko moduko proposamentzat onartu ziren. Norabide berean gaudela sentitzeak talde indarra eman zigun eta orain arteko  prozesua berretsiz, proiektuak lurreratu eta lantzeko faseari ekingo diogu.

    Eguneko unerik bereziena amaieran etorri zen. Junta berria  aurkeztu genuen giro alaian, eta ondoren Mirian Arrizabalagari  eskertza kolektiboa egin genion. 13 urtez lehendakari izan denari agur beroa eman genion. Une hunkigarria izan zen, eta askori nabaritu zitzaigun.

    Amaitzeko, Ekain sagardotegikoek prestatutako jana eta sagardoa dastatu genituen eguna modu atseginean borobilduz.

    Biolurren hurrengo topaketa Amillubin izango, maiatzak 16 larunbata Udaberriko festan. Animatu eta etorri!


  • Eskola Haziak: Gure baratzean burujabe

    Igande honetan, Eskola Haziak 2. saioa izango dugu.

    9:00etan auzolanari ekingo diogu eta 11:30tan kaferako tartea izango dugu.

    12:00tan Gure baratzetan burujabe tailerra izango dugu Biolur-Amillubiko kideen eskutik. Jakintza zein praktikak partekatzeko gune polita izango da.

    Lanerako eskularruak ekarri!

    Bestalde, jakin Amillubiren inguruko dokumental txiki bat grabatzen ari garela, eta igande honetan bertan Garro anaiak han egongo direla irudiak hartzen. Azalduko dizuegu.

    Amaitzeko gogoratu! Maiatzak 16 – Udaberriko Festa!!


  • Amillubi Udaberriko Festa: lurra eta kultura ardatz duen hitzordua

    Datorren maiatzaren 16an, Amillubi baserria eta bere inguruko lurrak biziberrituko ditugu Udaberriko Festarekin. Egun osoko egitarau oparo eta anitza prestatu dugu, goizetik iluntzera arte hausnarketa, elikadura eta kultura uztartuz.

    Eguna 9:30ean hasiko dugu ongi etorriarekin, eta segidan bi mahai-inguru eskainiko ditugu, “Lurra oinarri, Utopien bidean” lelopean. Bertan, utopia izatetik errealitate bihurtzen ari diren proiektuak gertutik ezagutzeko aukera izango dugu

    14:30ean, Bazkari Agroekologikoak. Etorkizuneko elikadura ekoizpen duin eta jasangarrian oinarritu behar dela sinetsita gaude, eta horregatik tokiko produktu ekologikoak sustatzen jarraitu nahi dugu. Bazkarirako txartelak 10 eurotan jarriko ditugu salgai, eta haurrentzat 7 eurotan.

    Bazkalostean, kultur emanaldiak izango dira nagusi. Oholtza gainera igoko dira, besteak beste, Pobresiak, poesia musikatua; Bertso sesio musikatua, Manex eta Eli Pagolaren eskutik; Berba Labanakaz eta Babarrunba musika taldeak eta amaitzeko DJ-ak itxiko dute eguna. Albiste honetan kultur emanaldiei inguruko informazio osatuagoa.

    Arratsaldeko emanaldietarako sarrerak ere 10 eurotan eskuragarri jarri ditugu, eta haurrentzat doakoak izango dira. Sarrerak aldez aurretik erostea eskertuko genizueke, antolaketa errazteko. Lotura honetan duzue horretarako aukera: erosi sarrerak.

    Egun osoan zehar umeentzako txokoa prest izango dugu: goizean zaintza zerbitzuarekin, eta arratsaldean Hazietxezirkus-eko kideen eskutik zirku tailerrarekin. Albiste honetan kultur emanaldiei inguruko informazio osatuagoa.

    Bestalde, jakinarazi nahi dugu ibilgailuak Iraetako futbol zelaiko aparkalekuan utzi beharko direla; handik Amillubira oinezko bidea (5-10 minutu) seinaleztatuta egongo da. Mugikortasun arazoak dituztenentzat, garraio zerbitzua eskainiko dugu.

    Horrela, Amillubin komunitatea, lurra eta kultura uztartuko dituen topagunea sortzen jarraitu nahi dugu.

    Animatu, eta hartu zuen sarrerak!

    Eta jarraitu adi, laster informazio gehiago zabalduko dugu eta.


  • Eskola Haziak: Intersekzionalitatea lurreratzen

    Igande honetan, martxoak 15, Eskola Hazien lehengo saioa izango dugu.

    9:00etan hasita lanean arituko gara auzolanean.

    11:00tan Kaferako tartea izango dugu eta 11.30tan formazio saio: Intersekzionalitatea Lurreratzen.

    Animatu eta eskularruak ekarri!!


  • ‘Eskola Haziak’ dinamika abiatuko du Amillubik martxotik aurrera

    Agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruan ikasi nahi duen edonorentzat zuzenduta egongo da eta guztira zazpi saio eskainiko dira


    Martxotik aurrera Eskola Haziak dinamika jarriko dugu martxan Amillubin. Eskola Haziak, agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruan ikasi nahi duen edonorentzat: pertsonentzat, taldeentzat zein erakundeentzat sortutako dinamika da, aurreko urteko Auzoplanen ideiatik sortua.

    Goizean auzolan bat egingo dugu, Amillubiko eguneroko lanak eta behar praktikoak ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera eskainiz. Auzolanaren ondoren, jakintza partekatzeko tailerra edo hitzaldia izango da, ikasitakoa kolektiboki lantzeko, esperientziak trukatzeko eta gogoetarako espazioa irekitzeko.

    Helburuak, nekazari txikiak eta elikadura-sistema eraldatzen ari diren proiektuak indartzea; ikuspegi feminista, intersekzional eta kolektiboa lantzea eta Gipuzkoako mugimendu agroekologikoan agenda komun bat ehuntzea da.

    Horretarako, 7 Auzo(p)lan egingo ditugu, teoria pixka bat, eztabaida eta auzolan praktikoa uztartuz. Horrela, baserritarren egunerokoa hobeto ezagutuko dugu eta gure arteko sarea sendotuko da.

    Saioetan hainbat ikuspegi landuko ditugu: ekonomia sozial eta eraldatzailea, ekofeminismoa, intersekzionalitatea, proiektuen ekoizpen eta merkaturatze kolektiboa eta bioeraikuntza.

    Laburbilduz, Amillubi jakintza partekatzeko, elkarrekin ikasteko eta agroekologia herritik eta herriarentzat eraikitzeko espazioa da.

    Lehendabiziko Eskola Hazia martxoaren 15ean izango da. Saio honetan intersekzionalitatearen inguruko lanketa egingo dugu, zapalkuntzen arteko gurutzaketak ulertu eta agroekologiaren praktikan txertatzeko moduak aztertuz. Ikuspegi berriak eraikitzeko aukera izango dugu, elikadura burujabetzaren bidean aniztasuna eta justizia soziala erdigunean jarriz.

    Udaberriko festa

    Eskola Hazien dinamika horiez gain, aurten hirugarren urtez Udaberriko Festa egingo dugu Amillubin. Aurreko urteko formatua mantenduko dugu: goizean zehar mahai inguruak egingo ditugu, agroekologia, elikadura burujabetza eta alternatiba errealen inguruan hausnartzeko eta elkarrizketa sustatzeko.

    Arratsaldean, berriz, jai giroan ibiliko gara: kontzertuak, zirko tailerra, eta adin guztientzako ekintza eta topaguneak egongo dira, komunitatea sendotzeko eta ospakizunerako espazioa sortuz. Egitaraua eta kartela laster izango ditugu. Maiatzaren 16an izango da aurtengo festa.

    * Kartelean ageri diren data eta hizlarietan aldaketak egon daitezke


  • Urte hasierarekin batera berriro martxan

    Urte hasierarekin batera, Amillubi ere berriro martxan jarri da, indarberrituta eta erronka berriei begira. Azpitaldeak dagoeneko lanean hasi dira urteko ildo nagusiak zehazten eta 2026ari begirako planifikazioa osatzen.

    Proiektuen lan taldeak Amillubiko lurren antolaketa landu du 2026ko planifikazioa eginez. Une honetan iderra, lihoa, zekalea eta abono berdea ditugu ereinda lursailetan. Lihoa eta iderra erein ostean euri pila bat egin zuen eta ez dira behar bezala atera, beraz, berriz erein behar ditugu hauek. Lurra zaintzea eta etorkizunari begira prestatzea da helburua.

    Komunikazio eta gizarteratze taldea ere buru-belarri dabil sormen eta antolaketa lanetan. Iruditegia osatzen ari dira, eta “Eskola Hazien” egitasmoa, Amillubiko festa eta bestelako ekintza irekiak prestatzen. Ekimen hauen lehen urratsak dagoeneko ematen hasi dira, eta Eskola Hazien proiektua martxoan jarriko dugu martxan, hezkuntza eta lurra uztartuz.

    Sozioekonomikoko taldea ere ez da geldirik egon. Baserria erosteko prozesuaren azken txanpan gaude, eta une erabakigarri honetan baliabide ekonomikoak nola lortu aztertzen ari dira, alternatibak lantzen eta bide berriak irekiz, proiektuaren etorkizuna bermatzeko asmoz.

    Bestalde, Amillubi ezagutzen jarraitzeko interesa gero eta handiagoa da. Larunbat honetan, Getxo ingurutik mintzapraktiketan dabiltzan lagun ugari hurbildu ziren proiektua ezagutzera, lurra, baserria eta proiektuaren filosofia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.

    Gaur, berriz, Donostian ekofeminismoari buruzko hitzaldi bat eman dugu +55 taldearentzat, eta datorren astelehenean eta asteartean talde bera Amillubira etorriko da proiektua sakonago ezagutzera.

    Poliki baina tinko, Amillubik aurrera egiten jarraitzen du, sareak ehuntzen, lurra lantzen eta komunitatea indartzen.


  • Aurrera begira jarrita ospatu du Amillubik bigarren urteurrena

    Asteburuan Amillubiren 2. urteurrena ospatu genuen, auzolana, kafea, ekitaldia eta erritualarekin.

    Egunean zehar, orain arteko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak partekatu genituen bertaratutako guztiekin.

    Ekitaldian, bigarren fase bati ekingo diogula iragarri genuen, 18 hilabeteko Utopiak eraikitzen prozesua martxan jarriz, Amillubiren etorkizuna modu kolektiboan erabakitzeko. Halaber, Eskola Haziak formakuntza egitasmoa abiaraziko dugula azaldu genuen.

    Egunean zehar Amillubi orain arte zer izan den hausnartu genuen, eta amaieran, erritual baten bidez, gogoeta horiek erre eta sortutako errautsak jarraian landatu genuen aran zuhaitzaren oinetan utzi genituen, iragana ongarri bihurtuz.

    Ederra izan zen! Milesker bertaratu zineten guztioi!!

    Horrela amaitutzat eman genuen eguna, eta Zestoako Mugimendu Feministaren deialdiarekinbat eginez, Zestoara joan ginen.

    GUKA Albistea
    Danbolin Albistea


  • Amillubiren 2.urteurrena: plan aldaketa

    Igande honetan ospatuko da Amillubiren 2.urteurrena (info + hemen) baina azken momentuko plan-aldaketa bat izan dugu eta  jakinarazi nahi dizuegu:

    Zestoako sei bizilagun epaituko dituzte “elkartasun feminista” gauzatzeagatik. Hau dela eta, 13:00etan Zestoan bertan elkarretaratzea egingo dute. Elkartasuna ez da delitua lelopean.

    Hau horrela izanda, gure plana moldatzea erabaki dugu, lehenago amaitzeko eta kontzentraziora joan ahal izateko.

    Orduan, esan bezala, goizean, 9:30tan  auzolanarekin hasiko gara; jarraian ekitaldi eta errituala egingo ditugu, eta amaitzeko argazki kolektiboa aterako dugu.

    Animatu eta etorri Amillubiren 2. urteurrena ospatzera

    Fase berriari elkarrekin emango diogu hasiera!

    Eta 13:00tan denok Zestoara!
    Elkartasuna ez da delitua!!


  • Amillubiren bigarren urteurrena: jauzi estrategiko baten abiapuntua

    Abenduak 14an ospatuko dugu bigarren urteurrena amillubitarrok. Goizean zehar auzolana, ekitaldia, Amillubiren bisita, mokadutxoa,… egongo dira. Gonbidapena luzatu nahi dizuegu guztioi bertara gerturatzeko eta urteurrena guztion artean ospatzeko.

    Fase berri bati ekitera doa Amillubi proiektua: datozen urteetarako plan estrategikoa diseinatuko da, batetik, eta ‘Eskola Haziak’ dinamika jarriko da martxan, bestetik.

    Abenduan beteko dira bi urte Biolur elkarteak bultzatuta, agroekologiaren aldeko Amillubi proiektua aurkeztu zela, eta hain zuzen, urteurrenarekin batera, fase berri batean sartzera doa egitasmoa. Izan ere, Amillubi ekimenaren lehengo  urteetan, taldea buru-belarri ibili da diru-bilketa eta lurraren aktibaziorako lanetan, baita hau dena gizarteratzen ere. Eta orain, etapa berri bati ekitera goaz, amesten dugun Amillubi eraikitzen hasteko.

    Etapa berri honetan, hemendik eta 10-15 urtera Amillubi nola irudikatu definitzen hasiko gara eragileen artean; zein proiektu aurrera atera nahi diren, zein filosofia gidaritza sustatuko den… Datozen 18 hilabeteetan ‘Utopiak Eraikitzen’ izeneko prozesua egingo dugu: alde batetik, epe ertain-luzera begirako plan estrategiko bat osatzeko, eta bestetik, ‘Eskola Haziak’ dinamika publiko zabalari eskaintzeko.

    Plan estrategikoa osatzeko Asunek Behatokiarekin lankidetzan arituko da Amillubi eta saioetan ikerketa eta planifikazioan sakontzeko asmoa dugu: Zehazki, epe ertain-luze batean Amillubiko lurretan garatuko diren proiektuak definitzea eta horiek izango duten egitura juridikoa zehaztea izango da etapa berri honen helburu nagusia.

    Bestalde, ‘Eskola Haziak’ dinamika abiatuko dugu. Orain arte egindako auzo-planek egitura berritu bat izango dute, eta datorren urtean 7 ‘Eskola Hazi’ martxan jartzea aurreikusten dugu. Auzolanak egingo ditugu, eta ondoren gai ezberdinen inguruko hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak. Ekonomia sozial eta eraldatzailea, ikuspegi ekofeminista eta interkulturala eta bioeraikuntza izango dira urte honetarako eskola hazien gai nagusiak.

    Amillubiren etorkizuna guztien artean, modu kolektiboan eraikitzen joateko mugarri garrantzitsua izango da abiatuko dugun prozesua Amillubirentzako.


  • Lurraman izan gara, proiektua aurkezten eta eragileekin sareak elikatzen

    ‘Bihar ere laborari’ lemapean, aurten 20. Edizioa bete du Lurrama ekimenak eta Biolur bertan izan da Amillubi proiektua aurkezten eta eragileekin sareak josten.  Azaroaren 7tik 9ra Miarritzen ospatu den azokara 25.000 pertsona bertaratu dira eta han elkartu dira Euskal Herri osoko laborari, herritar, eta eragile ugari. 

    Laborantza herrikoia eta iraunkorra sustatu eta aldarrikatzeko topagune garrantzitsua izaten da Lurrama eta aurtengo ediziorako gonbidatuak izan gara. Guk ere laborantza eredu iraunkor batean sinesten dugulako, eta herritarrak eredu horrekin elikatu nahi ditugulako, atsegin handiz jaso genuen gonbidapena eta bertan izan gara azokak iraun duen egunetan. 

    Alde batetik, Biolurreko zenbait ekoizlek beraien produktuekin parte hartu dute azokan, eta bestetik, ‘Alternatiben txokoan’ Biolurrek Amillubi proiektua ezagutarazi du. Horrekin batera, eskaini diren hitzaldietan ere parte hartu dugu, zehazki ‘lurra, laborarien lan tresna’ mahai-inguruan izan gara, Lurzaindiarekin, Peio Dufau diputatuarekin eta Quentin Rotonelli lur bila danbilen gaztearekin batera.

    Eskerrak eman nahi dizkiegu Lurramaren antolatzaileei ekimen honen parte izateko eman diguten aukerarengatik eta bide horretan, jarraituko dugu elkarrengandik ikasten, saretzen eta indartzen. 

    Mila esker!