Jaiari begirako informazio eta ohar praktikoak

Udaberriko festa denok gozatzeko espazio eroso eta aldarrikatzailea izatea nahiko genuke, ingurua zaindu eta errespetatzen dugun bitartean. Hori, baina, ez da berez gertatzen den zerbait, eta beraz, horri begira, hainbat ohar partekatu nahi dugu guztiekin:

Mugikortasuna antolatzeari begira

Amillubin aparkatzeko espazioa mugatua da oso. Beraz, Iraeta auzoan dagoen futbol zelaian utzi beharko duzue autoa, eta bertatik oinez gerturatu Amillubiraino. Seinaleak aurkituko dituzue eta Urolako meandroaz gozatzeko aukera izango duzue.

Bidea asfaltatu gabeko lurrezko pista da eta ez dago oso baldintza egokietan. Oinez bertaratzeko zailtasunik izanez gero, jakin “lanzadera” zerbitzua eskainiko dugula Iraetara behar duenaren bila joateko. Beharko duzula aurreikusten baduzu, lehenago jarri gurekin harremanetan (koordinazioa@amillubi.eus // 943 76 14 47).

Halaber, jaia Amillubiko baserriko lurretan izango da, zelaietan batez ere. Beraz, ez dago egokituta mugikortasun mota guztietarako. Horrekin lotuta behar berezirik izanez gero, jarri gurekin harremanetan eta azalduko dizugu hobeto nolakoa den ingurunea, baloratzeko zein aukera dagoen bertaratzeko eta jaian parte hartzeko.

Pertsona guztiak ongi etorriak, jarrera guztiak ez

Amillubi natur- eta nekazal-eremuan dago, beraz, zaindu dezagun! Amillubin bertan ekoizpena martxan jarri dugu aurten eta jaia ereindako soloen ondoan egingo dugu. Hortaz, ingurunearekiko errespetuz jokatzea eskatzen dizuegu. Besteak beste, hautsontziak jarriko ditugu eta horiek erabiltzea eskatu nahi dugu aldez aurretik.

Bestetik, Amillubiko festa bertaratzen garen denontzako espazio aske eta segurua izatea nahi dugu. Horretarako, ardura denona da.

Haurrak ere gonbidatuak

Haurrentzako txokoa egongo da egun osoan zehar. Goizean zaintza zerbitzua egongo da. Bazkalostean ipuin kontalaria. Hortik aurrera, zerbitzua autogestionatuta izango da.

Jan-edan agroekologikoak

Bertako produktu agroekologikoekin osatuko dugu bazkaria eta barrako edariak. Bazkaltzeko aukera begetarianoa eta ez-begetarianoa egongo da. Janariarekin lotuta behar bereziren bat izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

Ez du egingo, baina… euria egingo balu?

Denok dakigu ez duela egingo (beraz, eraman eguzkiarengadik babesteko zerbait), baina euria egingo balu, B plana daukagu. Beraz, euriarekin ere animatu bertaratzen. Kasu honetan, webean, apuntatu direnei emailez, eta sare sozialen bidez zabalduko dugu informazio zehatzagoa.


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago