Azken hilabeteetako lanen laburpena

Iritsi zaigu uda eta, urtero bezala, zuekin partekatu nahi ditugu orain arte egindako lanak.
UTOPIAK ERAIKITZEN

Aurten buru-belarri ibili gara “Utopiak Eraikitzen” prozesuarekin. Aurreko abenduan ekin genion plan estrategiko honen diseinuari, parte-hartzean eta lankidetzan oinarrituta.

Lehen fasean, proiektuaren balioak eta etorkizuneko ikuspegia adostu genituen, Amillubi epe labur, ertain eta luzera irudikatuz. Horren ondorioz, agroekologia, elikadura-burujabetza, feminismoa, zaintza, justizia soziala eta komunitate-lana ardatz dituen dekalogoa landu genuen. 
Ondoren, parte-hartze prozesua bera diseinatu genuen; lan-faseak, metodologia eta eragileak. Era berean, mugimendu agroekologikoaren beharrak identifikatzeko eta Amillubi ekoizpen, prestakuntza, esperimentazio eta berrikuntza sozialerako gune gisa indartuko duten proiektu estrategikoak lehenesteko beharra azpimarratu genuen.. Prozesu osoan zehar, ikuspegi intersekzionala, zaintza eta ekonomia sozial eraldatzailea modu zeharkakoan txertatu ditugu, lurralderako eta mugimendu agroekologikoarentzat erreferentzia izango den proiektu kolektibo bat eraikitzeko helburuarekin.

Bigarren fasean, galdetegi bat zabaldu genuen Amillubiren sareko kide eta eragileen beharrak eta proposamenak jasotzeko. Emaitzak kontrastatzeko saioetan, modu kolektiboan zehaztu eta lehenetsi genituen proiektu nagusiak; besteak beste, errelebo agroekologikoa sustatzeko nekazaritzako test-gunea eta Agroekologia herri-eskola.

Jarraian, hurrengo fasea planifikatzeari ekin diogu: metodologiak zehaztu, inplikatu beharreko eragileak identifikatu, egin beharreko elkarrizketak planifikatu eta finantzaketa nahiz azpiegitura-beharrak aztertu ditugu.

Elkarrizketa tematiko hauek urriaren amaiera arte egingo ditugu eta, prozesuari amaiera emateko, jardunaldi irekiak antolatuko ditugu proiektu inspiratzaileak ezagutzeko. Azkenik, jasotako informazioa partekatu, kontrastatu eta hurrengo urratsak adostuko ditugu. 
  
ESKOLA HAZIAK

Martxoan, “Eskola Haziak” deituriko dinamika jarri genuen martxan. Eskola Haziak agroekologiaren eta nekazaritza jasangarriaren inguruko prestakuntza zein ikaskuntza kolektiborako guneak dira. Dinamika honen helburua Gipuzkoako mugimendu agroekologikoa indartzea da; horretarako, ezagutzaren trukea, komunitate-lana eta ikuspegi feminista zein kulturartekoan oinarritutako proposamena erabiltzen dugu.

Auzo(p)lan izeneko zazpi saioen bitartez, praktika, hausnarketa eta elkarren arteko ikaskuntza uztartuko dira, bidezkoagoa, jasangarriagoa eta lurraldean errotuagoa izango den elikadura-eredu baterantz aurrera egiteko.

Orain arte, aurreikusitako zazpi saioetatik lau egin ditugu. Landutako gaiak honako hauek izan dira: intersekzionalitatea, baratze agroekologiko baten oinarriak, pribilegio zuria eta merkaturatze agroekologikoa. Aurretik ditugu, oraindik, bioeraikuntzari buruzko bi saio eta ekonomia sozial eta eraldatzaileari eskainitako beste saio bat.
UDABERRIKO FESTA

Maiatzaren 16an izan genuen Amillubiko udaberri festa. Jardunaldiak pertsona ugari bildu zituen mugimendu agroekologikoaren indarra eta dimentsio kolektiboa ospatzeko, elkargune, hausnarketa eta ospakizun giroan.

Goiza bi mahai-ingururen inguruan antolatu genuen. Lehenengoan, ekimen kolektiboak eraikitzeko izandako esperientziak nahiz komunitate-proiektuak denboran iraunkor egiteko gakoak izan genituen hizpide. Bigarren mahai-inguruan, berriz, lehen sektoreko ekoizpen kolektiboa izan zen ardatza, lankidetza bidezko lanak dakartzan erronkak, aukerak eta ikaskuntzak jorratuz.

Haurrentzako jarduerak eta hurbileko produktu agroekologikoekin prestatutako herri-bazkaria ere izan genuen. Arratsaldean, egunak ospakizun-izaera hartu zuen zirku-tailer, ikuskizun eta musika zein DJ saio ezberdinekin.

Parte-hartze handiak eta boluntarioen zein bertaratutakoen inplikazioak agerian utzi zuten proiektuak jasotzen duen babes sozial zabala. Agroekologiarekiko nahiz komunitatea eraikitzeko konpromiso kolektiboaren indarra nabarmendu zen.
BASERRIAREN EROSKETA

Fase berri batean sartuta gaude jada, eta urrian amaituko dugu Amillubi baserria eta lurrak ordaintzeko prozesua.

Helburu hori lortzeko behar izan dugun diruaren ia guztia eskuratu dugu, eta benetan pozik eta harrituta gaude. Hasieratik proposatu genuen bezala, zorpetu gabe lortuko dugu Amillubi bezalako espazio bat, amets kolektibo bat eta etorkizunerako proiektu sendo bat eskuratzea.

Duela lau urte ez genuen sekula pentsatuko Biolurrek bere baserri propioa izango zuenik, eta gaur egun amets hura errealitate bihurtzear dago.

Erosketaren azken txanpan gauden arren, baserria konpontzeko eta etorkizuneko proiektuak abiatzeko ekarpen ekonomikoa behar dugu oraindik. Proiektua lagundu nahi duenak edozein unetan du horretarako aukera Amillubiren webgunean; bolondres sarean izena emanez, ekarpen ekonomikoa eginez edota ekimenak antolatuz, besteak beste.
LUR LANAK

Lur-lanen plangintzarekin jarraitu dugu eta aurreikusitako lanak egin ditugu. Biolurreko okinentzako 7.000 metro karratutan ereindako zekalea batu berri dugu eta uzta oparoa izan da, laister izango duzue zuen inguruko okinen baten bidez Amillubiko zekalearekin egindako ogia dastatzeko aukera.

Bestetik, Alekarako haziak lortzeko asmoz, berenjena, piperra, zapalitoa, artoa, baba eta ilarra erein eta landatu ditugu. Azken hau batu dugu dagoeneko.

Kalabaza landareak ere loretan daude, eskualdean salmentara bideratuko ditugun kalabazak martxan daude beraz.

Beste 3.000 metro karratutan artoa erein dugu, okinentzako artoa lortzeko asmoz.

Azkenik, Alekarako egindako ekoizpena baliatuz, baba esperimentazioa ere martxan dugu egutegi biodinamikoarekin, ilargiaregin eragina neurtzeko data ezberdinetan arto eta babaren bidez. Alkartasunarekin elkarlanean egiten dugun egutegirako izango da.

Lurra uneoro martxan!


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago