Urriak 21-27ko astean hainbatetan joan gara Amillubiko lurretara, helburu ezberdinekin.
Proiektuak azpitaldetik, urteko plagintza egitera joan ginen. Udako ekoizpenaren balorazioa egitearekin batera, lurrak dituen gabeziak identifikatu eta nola hobetu planifikatu genuen. Ongarri berdea ereiteaz gain, ura ez pilatzeko drenaje lana ere egingo dugu udazken-negu honetan. Halaber, Alekarako hazi ekoizpenarekin jarraituko dugu, eta horretarako jada lurrean sartuta dauden alberjinia eta brokoliaz gain, ilar baxua eta baba txikia ere ereingo dugu. Azkenik, Biolurreko okin taldeak garia ereiteko asmoa azaldu zuen.
Bestetik, beste egun batean, bioeraikuntzan luze aritu diren bi lagunen eskutik eraikinaren egitura aztertzera joan ginen. Ondo dagoela baieztatu ziguten, eta espazioa txukuntzen hasteko zein lan egin dezakegun iradokitu ziguten. Badugu udazken eta negurako lana, beraz.
Azkenik, larunbatean, auzolana egin genuen etxe inguruko espazioak txukuntzeko, desbrozatzeko, eta estalpea garbitzeko. Halaber, Alekarako landatuta genituen alberjinia batzuk dagoeneko prest zeudela baieztatu eta bildu genituen. Segidan, horien hazia erauzten hasi ginen, Alekako kidea den Kelorekin batera. Auzolana amaituta, Argiak ekoiztu duen eta Miguel Arribas Kelok eta Marc Badalek idatzi duten HAZIAK. Zergatik eta nola egin zureak liburuaren aurkezpenari ekin genion. Zestoako Portale Elkarteko kideekin batera antolatu genuen hitzaldia, eta eguraldi eskasa egon arren, giro goxo eta informalean egin genuen aurkezpena, alberjinia haziak ateratzen genituen bitartean. Jakintzaren trukerako oso giro aproposa sortu genuen denon artean. Eguerdira ailegatuta, mokadu txiki bat egin, dena jaso, eta bukatutzat eman genuen goiza.
Informazio gehiago: