Amillubi proiektuaren I. urteurrena ospatu genuen abenduaren 1ean

Abenduaren 1ean Amillubin elkartu ginen, proiektua ezagutzera eman genuenetik urtebete igaro dela ospatzeko eta emandako urratsen berri emateko.

Egunari auzolanarekin ekin genion. Ongarri berdea erein, brokoli landareen ingurua atxurtu,… eta ospakizunerako ingurua atondu eta salda beroa prestatu.

Auzolana bukatuta, patxadaz egoteko tartea izan genuen, kafe edo trago bat eskutan,… goizaren xedea taldea eta komunitatea elikatzea ere baitzen. Eta segidan ekitaldiari ekin genion. Libe Goenaga eta Julen Zulaikak bertsotan lagunduta, Amillubiren sorrera eta gaur egunera arteko ibilbidea eta aurrera begirako erronkak izan genituen aipagai. Halaber, Amillubi ez da Amillibia baserrian martxan jartzen den lehenengo proiektua eta ekoizpena eta, beraz, inguru horri lehenago bizitza eman diotenei aipamen eta aitortza eman nahi genien. Baserriko aurreko bizilagunak, Natik, sukalde aurreko ingurunea kuttuna zuen, loreen koloreekin zainduta eta alaituta, eta hala eman nahi izan genion jarraipena guk ere. Baserrian zegoen goldea zaharberritu, eta horren inguruan lore eta bulboak landatu genituen.

Egunari amaiera emateko, jan-edanaren bueltan berriz ere informalki elkartzeko aukera izan genuen, giro ederrean. Pozik, itxi genuen eguna. 40 lagun inguru elkartu ginen, giro onean, eta etorritako guztiei eskertuta joan ginen etxera, goizean zehar egindako lanari esker astindu polita eman baikenion Amillubiko lurrari eta proiektuari.

Guka: Urtebetean egindako lana eta aurrera begirako erronkak gogoratuz ospatu dute Amillubiren lehen urtemuga

Danbolin: Urteurrena ospatu zuten igandean Amillubin


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago