Bigarren auzo(p)lana Amillubi

Apirilaren 13an, oraingoan euripean, bigarren auzo(p)lana egin genuen Amillubin. Dagoeneko udaberrian guztiz murgilduta gauden honetan, ezin izan genien kanpo lanei erantzun, lurra oso bustia zegoelako. Hala ere, bertaratu ginenen artean, aurrekoan geratu ziren lanak amaitu eta beste asko aurreratu genituen, batez ere Udaberriko Festari lotutakoak;  ukuilu handia garbitu biltegi bezala erabiltzeko, aterpea itxi mahai-inguruak bertan egiteko eta komun lehorren txokoa atontzen jarraitu. Gainera, momentu batean ateri zegoela aprobetxatuz, inguruak desbrozatzen  eta lorategia txukuntzen ibili ginen. 

Eguerdi partean, mokadua partekatu ostean, goxo goxo aterpean eseri eta era informalean hitzaldiari ekin genion. Milorriko kideak sendabelarrak biltzeko eta lehortzeko teknika ezberdineni buruzko informazioa partekatu ziguten eta jarraian, Eli Pagolak barazkiak eta frutak lehortzeko Donostialdeko ekoizpen sareko kideen artean egindako eguzki lehortegiaren esperientzia ekarri zigun. A ze tramankulu interesgarria!! 

Bukatutakoan, primizia moduan maiatzaren 10ean egingo dugun Udaberriko Festaren egitaraua aurkeztu eta bertaratutako guztien artean argazki eder bat atera genuen!!

Eskerrik asko gerturatu zineten denoi!

Jarraian dituzue igandeko argazki batzuk:


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago