Maiatzaren 10ean egingo dugu Amillubin Udaberriko Festa. Eguna bete-betea dator: goizean bi mahai-inguru izango ditugu, eta arratsaldean mota askotariko emanaldiak.
Dagoeneko, bazkarirako eta arratsaldeko emanaldietarako sarrerak salgai daude. Amillubi proiektua babesteko eta gastuei aurre egiteko, bazkarirako eta arratsaldeko jaialdirako sarrerak salgai jarri ditugu. Bazkarirako txartela 10€ dira, eta arratsaldekorako beste 10€. Umeek arratsalde pasa dohainik izango dute eta bazkaria 7€ren truke.
Erosi garaiz, antolakuntzan biziki eskertuko dizuegu eta!
Edonola ere, proiektu hau herritarra da eta izan nahi du, eta ez dugu prezioa inorentzat oztopoa izaterik nahi. Hala bada, konfiantzaz, idatziguzu koordinazioa@amillubi.eus helbidera, eta moldatuko gara.
Eta oraindik etortzeko edo ez zalantzan bazaude, segidan egunari buruzko xehetasun gehiago:
9.30 ongi etorria egin eta segidan honako bi mahai-inguru izango ditugu:
- Agroekologiako antolaketa-kolektiboko esperientziak
- Erreleboari Adi! Erantzunak bizi-esperientzien ahotik
14:30tan Bazkari Agroekologikoa!! Etorkizuneko janaria, ekoizpen duinean oinarrituta egon behar da, eta horren aldeko apustua egin nahi dugu, bertako produktu ekologikoak sustatuz.
16:00tik aurrera kultur emanaldiei bidea irekiko diegu: bakarrizketa, poesia musikatua, musika zuzenean,… kartel dotorea dakarkizue!
Gainera, egun osoan zehar umeen txokoa egongo da, goizean zaintza zerbitzuarekin. Ipuin-kontalariak goxatuko die bazkalostea txikienei.
Eta, Amillubiko materialaz gain, aurten nekazal material eta produktuen bigarren eskuko azoka ere izango dugu.
Animatu, eta hartu zuen sarrerak!
Eta jarraitu adi, laster informazio gehiago zabalduko dugu eta.
