Bi hilabete igaro dira gure ohiko komunikazio-kanaletan azken aldiz argitaratu genuenetik, baina bueltan gaude!
Hala ere Amillubi ez da gelditu, martxan jarraitu dugu eta albiste txiki honen bidez, azken hilabete hauetan esku artean izan dugunaren berri eman nahi dizuegu;
Uztaila amaieran lehenengo porru landarak jaso genituen, eta abuztu-irailean azkenak bildu ditugu. Aurten, iaz ez bezala, ekoizpena nahiko txikia izan da. Dakizuenez, hasieratik arazoak izan genituen, eta 8 bankaletatik 6 berrerein behar izan genituen, baina tira, azkenean, 20.000 landara lortu ditugu baratzezainen artean banatzeko.
Baina Amillubiko lurretan beste labore batzuk ere baditugu, eta horiek ere atenditzen egon gara. Adibidez asteazken honetan bertan arrozina babarruna bildu genuen; hazitarako ditugun kalabrese piperrak, berenjenak eta zapailitoak, fruituak heldu ahala bildu ditugu Alekara eramateko; eta salmentarako diren kakahuete kalabazak ere, dagoeneko jaso eta biltegiratuta ditugu. Ekoizpen lanei dagokionez horiexek dira azken berriak, baina hurrengo asteetan, arto baba zaila ere prest egongo da uzta batzeko, eta auzolan bat deituko dugu, beraz adi egon.
Bestalde, Amillubiko sarea elikatzen jarraitu dugu eta azkenengo hilabetean bi bisita izan ditugu: Abuztuan Iruñan ezagutu genituen “La Titaranya” Kataluniako etxebizitza kooperatibako kideak izan ziren gurean, eta aste honetan Boliviako IPTK elkartea osatzen duten bi kiderekin bildu gara. Lurralde ezberdinetan agroekologia eta burujabetzan borrokek dituzten antzekotasunei buruz hizt egiten jardun ginen biekin, oso interesgarria benetan.
Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Amillubi proiektuaren koordinatzaile berria hautatzeko prozesua burutu dugu eta azkenean, laster ezagutuko duzuen Nagore izan da aukeratua. Eskerrik asko prozesu honetan parte hartzeko interesa azaldu duzuen guztioi!
Azkenik, ekainean aurkeztu genuen plangintzan Amillubi fase berri batean sartzen zela aurreratu genizuen, non Amillubin epe ertain-luze batean garatu beharreko proiektuak definitzea den helburu, baita horiek izango duten egitura juridikoa zehaztea ere. Fase berri hau finantziatu ahal izateko, apirilarean diru laguntza bat eskatu genuen Bizilurrekin batera, eta duela gutxi jakin dugu eman digutela, beraz, oso pozik gaude. Hurrengo egunetan hasiko gara fase honen aurre lanketarekin eta xehetasun gehiago partekatuko dizkizuegu.
Ikusi duzuen bezala, Amillubi indarberrituta dator, eta hurrengo fasea abiatzeko gogotsu gaude. Jarraituko dugu guztiaren berri ematen.


