Iazko esperientzia aberasgarriari jarraipena emanez, aurten ere mahai-inguruak antolatzea erabaki dugu. Iazko festan landu genituen bi gai nagusiak —belaunaldi-erreleboa eta antolaketa kolektiboa— oso baliagarriak izan ziren guretzat, eta mahai-inguruetako dinamikekin jarraitzea erabaki dugu, elkarrekin ikasten jarraitzeko asmoz.

Goizeko egitaraua 10:00etan hasiko dugu, “Ametsak lurra hartzen dutenean” izeneko lehen mahai-inguruarekin. Saio hau gaur egun Amillubin lantzen ari garen “Utopiak eraikitzen” prozesuarekin lotuta egongo da, eta beste esperientzia kolektibo batzuetatik ikastea, haien ibilbideak entzutea eta gure bidean baliagarriak izan daitezkeen gakoak jasotzea du helburu.
Horretarako, hiru proiektu gonbidatu ditugu: Lakabe, Ametxe eta Aginaga Biziberritzen. Hiru esperientziak oso ezberdinak diren arren, badute ezaugarri komun bat: pertsona talde txiki baten amets gisa abiatu ziren, eta gaur egun komunitatea eraldatzeko erreferente bihurtu dira.
Lakabe Nafarroako Artzibar haranean kokatutako komunitate autogestionatua da, 1980an gazte talde batek berreskuratua. Ordutik, naturarekin eta bizikidetza komunitarioarekin lotutako bizimodu alternatiboak esperimentatzen jarraitzen du, utopia praktikara eramateko bideak zabalduz.
Ametxe, berriz, Gordexolan garatzen ari den etxebizitza kooperatiboaren proiektua da. Baserri historiko bat bizikidetza eredu kolektibo bihurtzea du helburu, zaintza, elkarlaguntza eta jasangarritasuna ardatz hartuta, kultura birsortzaile baten bidez komunitatea indartuz.
Aginaga Biziberritzen egitasmoak ere komunitatea erdigunean jartzen du. Auzoko beharrei modu kolektibo eta kooperatiboan erantzuteko sortua, Eliza Zaharra eta Arrate ostatua bezalako espazioak aktibatuz, auzo bizigarriagoa eta saretuagoa eraikitzea du xede.

Bigarren mahai-ingurua 12:00etan hasiko dugu, “Lur bizia, herri bizia” izenburupean. Kasu honetan, agroekologiari eta ekoizpen proiektu kolektiboei helduko diegu, kolektibotasunak hartu ditzakeen forma anitzak aztertuz. Amillubin utopiak eraikitzen ari garen honetan, interes berezia dugu jakiteko zer aukera, erronka eta helduleku eskaintzen dituzten elikadura burujabetzarekin lotutako ekimenek.
Mahai honetan Aleka, Errigora eta Etartie izango ditugu gurekin. Etartie, Durangaldeko ekoizleen elkarlanetik sortutako proiektua da, Soloko Nekazal Elkartearen bidetik garatua. Tokiko ekoizpena, merkatuaren dinamizazioa eta sektoreko sareak indartzea ditu helburu, komunitatean oinarritutako eredua sustatuz.
Errigora, berriz, Nafarroa hegoaldeko produktuak eta euskalgintza uztartzen dituen herri-ekimena da. Elikadura burujabetza, auzolana eta euskararen sustapena uztartuz, ekoizleak, kontsumitzaileak eta herritarrak sare berean batzen ditu.
Aleka Euskal Herriko hazi ekologikoen aldeko ekimena da, egungo hazi merkatu industrializatuaren alternatiba eraikitzeko sortua. Bioaniztasuna, artisau eran ekoitzitako haziak, zuzeneko merkaturatzea eta elikadura burujabetza ditu bere jardunaren oinarri.
Mahai-inguru hauen bidez, gure asmoa da elkarrekin hausnartzea, ikastea eta sareak ehuntzen jarraitzea. Sinesten dugu bidelaguntza, elkarlana eta aniztasuna ezinbestekoak direla, bai belaunaldi-erreleboa bermatzeko, bai proiektu kolektibo sendoak eraikitzeko.
Horregatik guztiagatik, Amillubiko festako goizeko egitaraua topagune eta inspirazio iturri izatea nahi dugu, elkarrekin etorkizun posibleak irudikatu eta eraikitzen jarraitzeko. Animatu eta etorri!









