Jende pila bat batu ginen agroekologiaren bidean kolektibo handi eta sendoa garela ospatzeko.
Oso pozik gaude bizi izan genuen egunarekin. Lan handia izan da guretzat, eta jendearen erantzunak emozionatu egin gaitu. Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi; zuen energiarekin indarra sumatu dugu proiektuan. Bidelagun asko ditugula sentitu dugu, eta egindako bidea jai giroan ospatu behar dugula ere bai.

Goiza mahai-inguruekin hasi genuen. Lehenengoa Ametsek lurra hartzen dutenean izan zen. Hiru proiektu etorri ziren euren esperientziak partekatzera eta amets kolektibo bat aurrera eramateko gakoak eskaintzera. Besteak beste, honako gaiak aipatu ziren: proiektuaren hasierako helburuei eta balioei eustearen garrantzia, norbera aldatzeko prest egotea, auzolanaren indarra, pauso bakoitza ospatzearen beharra eta eztabaidarako metodologia lantzea. Lakabeko Ilargi, Ametxeko Jorge eta Agina biziberritzeko Alazne izan genituen mahai honetako protagonistak.

Bigarren mahai-ingurua Lur bizia, herri bizia izenburupean egin genuen, lehen sektoreko ekoizpen kolektiboetan zentratua. Alekako Kelo, Errigorako Irati eta Etarteko Monika etorri ziren. Proiektu bakoitza zer beharri erantzuteko sortu zen azaldu zuten, izan duten bilakaeraz hitz egin zuten, kolektiboan lan egiteak dakartzan onurak eta irekitzen diren aukera berriak partekatu zituzten, baita bidean sortutako zailtasunei nola heldu dieten ere.
Hau guztia gertatzen zen bitartean, haurrek ere euren txokoa izan zuten: margotzen, jolasean eta gozatzen.

Lakabeko kideak bazkaria prestatzen aritu ziren, inguruko produktu agroekologikoz egindako paella eder batekin.

Bazkalostean, jai giroari eman genion hasiera. Beste urteetan bezala, goiza formakuntza politikorako eta hausnarketarako izan ohi da; arratsaldea, berriz, elkarrekin gozatzeko eta ospatzeko unea.

Alde batetik, haurrek zirku tailerraz gozatu zuten Hazietxe Zirkus konpainiaren eskutik.
Bitartean, Aimar Uribesalgok Pobresiak emanaldiarekin eman zion hasiera arratsaldeari. Ondoren, Eli eta Manex Pagolak bertsoa eta saio elektronikoa uztartu zituzten emanaldian.
Dantza giroan jarraitzeko, Babarrunbak Euskal Herriko musika runba doinuekin eskaini zigun emanaldia. Berba Labanakaz taldearekin, berriz, punky-kuki estiloan saltoka aritu ginen denok.

Amaitzeko, Txantona Garrote DJak dantza, algara eta poztasunez inguratu gintuen.

Nekea eta alaitasuna ditugu gorputzetan. Eskerrik asko boluntario bezala txandak bete zenituztenoi, janari eta edari agroekologikoak ekarri zenituztenoi, eta bertaratu zineten guztioi. Plazer bat izan da guztiekin horrelako egun bat ospatu izana.















