Udako etenaldiaren ondoren, ESKOLA HAZIAK martxan da berriro, eta urriaren 11koa izango da ikasturte honetako lehenengo saioa. Bueltan, jardunaldi berezia prestatu dugu Amillubin, bioeraikuntza, agroekologia eta herri-hezkuntza uztartuz.
Azken momentuan IALAko kide batzuen bisita dela eta, aukera aprobetxatu, eta hainbat esperientzia eta ezagutza egun berean partekatzea erabaki dugu, Utopiak Eraikitzen prozesuaren baitan ere oso interesgarria izan daitekeelakoan.
Goizeko 9:00etan bioeraikuntza tailerrarekin ekingo diogu egunari. Bi saiotako lehengo honetan murete txiki bat eraikitzeko oinarria prestatuko dugu, bidean bioeraikuntzako teknika eta material ezberdinak ezagutuz.
Bigarren saioa azaroaren 1ean izango da. Orduan, muretea altxatu eta lehenengo saioan ikasitakoa praktikan jarriko dugu.
Gainera, goizean zehar, kafea eta hamaiketakoa eskainiko dira. Eta 13:30ean, eguneko bigarren hitzorduari ekingo diogu: IALA eta eskola agroekologikoak ezagutuko ditugu, Dulce Magaña eta Jesús Andrade-ren eskutik.
Latinoamerikako Institutu Agroekologikoen (IALA) kideek, La Vía Campesinaren baitan garatutako agroekologia, elikadura-subiranotasuna, lurraren eta lurraldearen defentsa eta herri-hezkuntza esperientziak ezagutaraztera emango dituzte.
Amillubiren bidea ospatzen
Gainera, 13:30ean argazki kolektibo bat egingo dugu, Amillubiren ibilbidean mugarri garrantzitsu bat ospatzeko.
Elkarrekin egindako bidea ospatu eta zuen laguntza eskertzeko unea izango da.
Beraz, urte hauetan Amillubirekin harremana izan duzuen guztioietortzera animatzen zaituztegu.
Jardunaldiari amaiera emateko, 15:00etan mokadutxoa eskainiko dugu, eguna elkarrekin partekatu eta solasaldiari jarraipena emanez.
Bioeraikuntza saioa euskaraz izango da, eta IALAren inguruko saioa gaztelaniaz. Nolanahi ere, jardunaldian zehar hizkuntza-eskubideak bermatuko dira.
Etortzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, koordinazioa@amillubi.eus helbidera idatzita edo 943 76 14 47 telefonora deituta.









