Amillubik hirugarren urteurrena ospatuko du: Amillubi herriarena da!

Uste zenuten aurten ez genuela hirugarren urteurrenik ospatuko? Ba, noski baietz! Dagoeneko badugu data: abenduaren 12an izango da, eta merezi duen bezala ospatuko dugu. Izan ere, lortu dugu: Amillubi herriarena da!

Hiru urteko ibilbidearen ostean, elkarrekin egindako lanaren emaitzak partekatzeko, etorkizuneko erronkak ezagutzeko eta orain arteko bidea ospatzeko elkartuko gara. Horretarako, arratsalde osorako egitarau berezia prestatu dugu, hausnarketa, zinema eta ospakizuna uztartuz.

BIOLURreko Ezohiko batzarra: egindako bideari begiratu eta etorkizuna marraztu

Arratsaldeko lehen hitzordua Biolurreko Ezohiko Batzarra izango da. 16:00etatik 17:30era, Alonderon, urtean zehar Asunek Behatokiko kideekin eta beste hainbat eragilerekin batera egindako prozesuaren emaitzak partekatuko ditugu bazkideekin. Prozesu horretan lortutako emaitzak azalduko ditugu, baita aurrera begirako urratsak eta datozen erronkak ere.

Batzarrean parte hartzerik ez duzuenontzat, albiste on bat ere badugu: Argia gure komunikazio-lagunak saioan zehar partekatuko diren ideia eta ondorio nagusiak grabatuko ditu, gero ikusgai izan ditzazuen.

Gainera, amaieran sorpresa berezi bat izango dugu. Amillubin dagoeneko ezaguna dugun Beatriz Egizabalek itxiko du batzarra, bere clownklusioekin. Duela hiru urte, bere bakarrizketak itxaropenez bete gintuen; oraingoan ere, bere hitzak entzuteko irrikaz gaude!

«Utopiak eraikitzen»: Amillubiri buruzko dokumentalaren lehen proiekzioa

Arratsaldeko 18:30ean, berriz, Zestoako Kultur Etxeko areto nagusian elkartuko gara, publiko guztiari irekitako hitzordu berezi batean.

Bertan, Garro anaiek Amillubiri buruz egindako «Utopiak eraikitzen» dokumentalaren aurkezpena egingo dugu.

Dokumental hau ikusteko gogo handiz gaude. Garro anaiak dokumental intimo eta poetikoengatik dira ezagunak, eta hilabete hauetan haiekin lanean aritu diren kideen bizipenak eta orain arte ikusteko aukera izan ditugun irudi apurrak ikusita, lan eder baten aurrean egongo garela susmatzen dugu.

Amillubirentzat opari bat izango da, baina baita agroekologiaren aldarrikapen bat ere. Amillubiren taupada guztiak gure iruditegian zabaltzeko, eta itxaropena gure bihotzetan hazten jarraitzeko aukera paregabea.

Eta amaitzeko… ospakizuna!

Hirugarren urteurrenari amaiera emateko, ospakizunari ekingo diogu mokadutxo batekin, trago batzuekin eta DJ Txantona Garroteren musikarekin. Badakizue: Amillubiko jaiak alaitzen beti asmatzen duen bikotea!

Hiru urte hauetako bidea elkarrekin egin dugu, eta elkarrekin ospatu nahi dugu orain. Emaitzak partekatzeko, dokumentala ikusteko, elkarrekin egoteko eta aurrera begirako indarrak biltzeko eguna izango da.

Abenduaren 12an dugu hitzordua. Zatozte Amillubiren hirugarren urteurrena elkarrekin ospatzera!

Amillubi herriarena da.


Argazkiak: Dani Blanco / Argia CC-BY-SA Ilustrazioak: Ione Larrago